Itzuli

Geroa Bairen ebazpen bat onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Ureztatzeko Foru Planean aurreikusitako inbertsioei ekiteko finantzaketa nahikoa berma dezan

Osoko Bilkurak ureztatze-azpiegituren modernizazioa bizkortzeko eskatzen du, nekazaritza-ekoizpena eta nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna ziurtatzeko

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Talde Mistoa eta atxiki gabearen kontrako botoekin, onartu egin du gaur Nafarroako Gobernua “ahalik eta epe laburrenean Ureztatzeko Foru Planean jasotako eta beharrezkoak diren inbertsioei ekiteko finantzaketa nahikoa berma dezan, sistema desberdinen arteko garapen orekatua ezarriz” premiatzen duen ebazpena.

     

    Onartutako ebazpenak bigarren puntua ere badu, eta hartan Foru Gobernuari eskatzen zaio “Gobernuaren finantza-parte-hartzea baliabide propioen, Europako funtsen eta banku-finantzaketaren bidez egin dadila, itzaleko bidesariarena bezalako ereduak errepikatzeko aukera bazterturik”. PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta EH Bildu abstenitu egin dira eta PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeak aurkako botoa eman dute.

     

    Era berean, hirugarren atalean, Estatuko Gobernua premiatzen da “Valderreyko urtegia eta haren azpiegitura osagarriak eraiki ditzan, Bardeetako Ubidearen ureztatzeen modernizazioan funtsezko tresna baitira”.UPNk, PSNk, Geroa Baik eta PPNk alde bozkatu dute eta EH Bilduk, Contigo-Zurekinek, Talde Mistoak eta atxiki gabeak, berriz, aurka.

     

    Azkenik, eta PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabearen aurkako botoekin eta gainerakoen babesarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen da “2003ko irailaren 12ko eskrituraren bidez formalizaturiko zentral hidroelektrikoen aldi baterako lagapena ez dezan berritu, eta, 2036ko urtarrilaren 13tik aurrera, haien ustiapenak sortzen dituen etekinak aipatutako azpiegitura hidraulikoak eragindako toki-erakundeek egiten dituzten garapen jasangarriko jarduketak finantzatzeko erabil daitezen”.

     

    Ebazpenaren zioen azalpenean, Geroa Bai talde sustatzaileak prezipitazioen jaitsierak, tenperaturen igoerak eta elikadura-burujabetza bermatzeko beharrak markatutako testuinguruan baliabide hidrikoen kudeaketari heltzeko beharra nabarmentzen du.

     

    Agertoki horretan, azpiegitura modernoak dituzten ureztatze eraginkorren izaera estrategikoa nabarmentzen da, energia-eraginkortasunaren arloan aldi berean egiten diren aurrerapenak gutxietsi gabe, nekazaritza-ekoizpena eta Foru Komunitatearen BPGaren % 7,5 ordezkatzen duen nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna ziurtatzeko.

     

    Hala, proposatzaileak nabarmentzen du, Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen zain dauden azalerak alde batera utzita, Nafarroak oraindik 30.000 hektarea ureztalur tradizional dituela, eta horien ureztatze-azpiegiturek modernizazioa behar dutela, eraginkortasuna hobetzeko eta nekazaritza-sektorearen eta nekazaritzako elikagaien industriaren bideragarritasuna bermatzeko.

     

    Horretarako, hurrengo 20 urteetarako Ureztatzeko Foru Plana balioesten da; plan horrek 900 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du 54.000 hektarea ingurutan esku hartzeko, hornidura-bermea hobetzeko, baliabide hidrikoen aprobetxamendua optimizatzeko eta ureztatzeari lotutako energiaren kostuak murrizteko.

     

    Azkenik, Itoiz-Nafarroako Ubidea sistemari lotutako aprobetxamendu hidroelektrikoetatik eratorritako diru-sarrerek azpiegitura horiek zuzenean eragindako eremuen garapen jasangarrian lagun dezatela defendatzen da. Eta, ustiategien lehiakortasuna hobetzeko eta ureztatze-sistemaren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ziurtatzeko, administrazio desberdinen eta sektore pribatuaren arteko lankidetza eskatzen da

    Izena eman gure buletina jasotzeko