Itzuli

Geroa Bairen iritziz Iruñeko katedralean meza frankistak egitea onartezina da

Bere eskaintza birpentsatu dezan eskatu dio koalizioak Artzapezpikutzari

    Geroa Bairen iritziz onartezina da Iruñeko Katedralean frankismoaren gorazarrea egiten duten mezak egin ahal izatea. Koalizioak gogorarazi duenez “mota honetako ospakizunak Oroimen Historikoaren foru legediaren aurkakoak dira”. Zehazki, 1936ko kolpe militarraren ondorengo Nafarroako herritar erahil eta biktimen aitortza eta erreparazio moralerako Foru Legeak altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren oroimenezko aipamenak edo gorazarre pertsonal zein kolektiboak ezabatzeko derrigortasuna ezartzen du.

    Koalizioak nabarmendu duenez “ospakizun hauek 1936ko kolpe militarraren eta frankismoaren biktimekiko afruntu gogorra eta irain onartezina dira”. “Bereziki mingarria da Artzapezpikutzak hiriarentzako hain enblematiko eta sinbolikoa den eraikin bat eskaintzea, hots Katedrala, frankismoaren gorazarrea egiteko ospakizun hauetarako”, azpimarratu du. Horregatik, “bere eskaintza birpentsatu” dezan eskatu dio Geroa Baik Artzapezpikutzari.

    Koalizioak azpimarratu duenez “gurea bezalako gizarte demokratikoetan, bizikidetzak zuzena izan behar du, bereziki indarkeriaren trauma pairatu dutenekin. Eta bizikidetzak zuzena izan ahal izateko oroimenak ematen dizkigun zutoin sendoengan oinarritu beharra du”. “Gaur, gizarte zuzen, etiko eta demokratiko baten eraikuntzan, mota honetako ekitaldientzako tokirik ez luke egon behar”, amaitu du koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko