Itzuli

Geroa Bairen iritziz Nafarroak trafiko eskumena bere egitea “gertaera historikoa” da eta aurreko gobernuek autogobernu alorrean jardun duten nagikeria agerian uzten du

Geroa Baik ziurtatu duenez, trafiko eskumena “behin betiko” Foruzaingoari transferitzeko Foru Gobernuaren eta Gobernu Zentralaren artean lortutako akordioa “harrotasun arrazoia da, gertakari historikoa eta Nafarroako Gobernuak autogobernuan sakontzeko duen asmo sendoaren froga”.

Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du Unai Hualde parlamentariarekin batera, azpimarratuz berri hau “aurkitu genezakeen hoberenetarikoa izan dela”, asteazken honetan Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariaren eta Pedro Sánchez Gobernu zentraleko presidentearen arteko bileraren ondoren.

Koldo Martínezek nabarmendu duenez transferentzia hau “Nafarroako Gobernu ezberdinen aldarrikapen historikoa izan da, Geroa Bairena eta laukoaren gainontzeko indarrena ere”, eta gogorarazi du legegintzaldi honetarako programa akordioan ere jasotzen zela.

Geroa Bairen parlamentuko eledunak azpimarratu duenez, “2001tik hona Estatuak ez dio konpetentzia bakar bat ere transferitu Nafarroari eta gaur inoiz baino gehiago frogatzen da Madrileko Gobernu ezberdinek eta UPNren ondoz ondoko Gobernuek autogobernu alorrean jardundako nagikeria eta interes falta”.

Horren aurrean defendatu du “Barkosen Gobernuak autogobernuan aurrera egiteko lanean ari dela, nafarrok gure etorkizuna eraikitzeko dugun tresnarik hoberena baita”.

“AUTOGOBERNUAN EMANKORRENA IZAN DEN LEGEGINTZALDIA”

Bere aldetik, Unai Hualde parlamentariak azpimarratu du Barkos eta Sánchezek lortutako akordioak “aldaketaren legegintzaldian zedarri bat jarri duela, Nafarroak hamarkadetan autogobernuaren garapenean eta sakontzean eduki duen legegintzaldirik emankorrena”. “Uxue Barkosen legegintzaldiari buruz esan daiteke autogobernuan sakondu dela eta hura garatu egin dela, UPNren Gobernuek hamarkadak agintean eman ondoren aurrerapauso esanguratsurik lortu ez zuten bitartean”, nabarmendu du.

Hualdek nabarmendu duenez trafiko konpetentzia “teknikoki oso aurreratua zegoen, baina errealitate bihurtzeko bultzada politikoa behar zuen”, eta gogorarazi du orain gutxi Auzitegi Gorenaren ebazpen batek trafiko eskumena “Nafarroaren eskubide historikoetako bat” dela aitortu duela.

Parlamentariak ziurtatu duenez “lan handia egin da Nafarroako Gobernuaren aldetik” transferentzia hau errealitate bihurtzeko eta azpimarratu du orain Parlamentuak Polizien Foru Legea eta Foruzaingoaren Plan Zuzendaria onartzeko lan egin beharko duela, “eginkizun hauetarako beharrezko Foruzainak edukitzeko eta modu progresiboan Guardia Zibila ordezkatzeko” helburuarekin.

113 MILIOIENTZAKO “IRAKURKETA EZ MURRIZTAILEA”

Beste gauza batzuen artean, Nafarroak superabitean erabili nahi dituen 113 milioi euroak aipatu ditu Koldo Martínezek eta Gobernu Zentralari luzatu dio “aurrekontu egonkortasunaren legearen irakurketa ez murriztailea” egin dezan “akordio batera iritsi ahal izateko”.

“Nafarroako Gobernuak Hitzarmen Ekonomikoaren bost-urtekoarekin egindako negoziaketa bikainari esker da diru hori gurea, bai eta zerga erreformari esker eta Nafarroako Gobernuaren kudeaketa ekonomikoaren kudeaketa bikainari esker ere. Kontularitzan superabita dugu, 113 milioi hauek gureak dira eta Pedro Sánchezek legearen irakurketa ez murriztailea egin dezan espero dugu, nafar herritarrek dituzten beharrizan ezberdinak estaltzeko inbertitu nahi baitugu diru hori”, ziurtatu du.

Izena eman gure buletina jasotzeko