Gerra zibileko hobi komunak ireki eta deshobiratzeak egiteko betebeharra Estatuarena izatera premiatu du Koldo Martinezek
Senatari autonomikoak aurkeztu duen mozioak oroimen historikoari buruzko 52/2007 Legea aldatzea eta eguneratzea eskatzen du
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak Oroimen Historikoari buruzko mozio bat erregistratu du Izquierda Confederal bere Parlamentu taldearen izenean Justizia batzordean eztabaidatu dadin.
Zehazki, mozioaren testuak “gerra zibilean eta frankismoan zehar jazarpena edo indarkeria pairatu zituztenen eskubideak aitortzen eta handitzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen 52/2007 Legea aldatzera premiatzen du Gobernu Zentrala, hobi komunak irekitzea eta deshobiraketak egitea erantzukizun publikoa duen eginkizuna dela aitortzeko helburuarekin, eta hortaz, eginkizun honi heltzeko betebeharra Estatuarena dela aitortzeko”.
Mozioaren testuaren arabera, aipatutako legearen onarpenaren aurretik familiak eta elkarteak izan ziren “diktaduraren ondorioei” aurre egin behar izan zietenak, “zelaiak eta arekak miatuz, hobiak irekiz eta hezurrak eta sentimentuak elkartuz. Horrelako ardura familiengan egon zen 2007ra arte, aipatutako legea onartu zen urtea alegia”. Hala ere, PPren gobernuekin, Legeari edukia hustu zioten eta, hura garatzeko aurrekontu partidarik gabe, zeharo blokeaturik geratu zen. Komunitate autonomoek, euren lege propioen bitartez, oroimen historikoaren alorrean beharrezko politika bat garatzen joan dira. Ezaugarri hauetako lege bat onartzen lehena Nafarroa izan zen 2013 urtean, eta ordutik hona Komunitate Autonomo gehienek dute “estatuaren hutsune hori betetzeko” euren araudi propioa. 2015ean, Uxue Barkos buru zuen Nafarroako Gobernuak, deshobiratze, erahildakoen identifikazio, biktimen erreparazio eta errekonozimendu ekitaldien inguruko Oroimen politikak martxan jartzeko ardura instituzionala hartu zuen.
“Zentzu honetan -jarraitzen du mozioaren testuak-, gai honi buruzko lege edo dekretuak dituzten Komunitate Autonomo guztiek ulertu dute norbait deshobiratzen denean eta bere gorpuzkiak bere familiei ematen zaizkienean, arazo partikular edo intimo bati heltzeaz gain, lehen mailako arazo kolektibo bati aurre egiten ari zaiola”. Horregatik guztiagatik, mozioaren bigarren puntuak “52/2007 Legea eguneratzera premiatzen du, bai eta Komunitate Autonomoen bideari jarraitzea ere Oroimen Historikoari buruzko lege eta dekretu autonomokoetan jasotzen diren zenbait alderditan”.
Koldo Martínezen arabera, premiazkoa da espainiar Estatuak garatu beharreko oroimen historikoko politikak berraktibatzea, “biktima hauekin egiteke dauden betebeharrei behin betiko heltzeak, gure demokrazia zoru egonkor baten gainean oinarritzen lagunduko baitu, ideia antidemokratikoentzako antidoto ona baita oroimena”, amaitzen du argudiatuz mozioak.
Koldo Martínez