Itzuli

Giza eskubideen urraketen biktima guztiak gogoratzeko Oroimen Demokratikoaren Legearen denbora-esparrua handitzea proposatu du Koldo Martínezek

Nafarroako senatariak beste 158 zuzenketa aurkeztu ditu, horien artean Estatuak Ezkaba mendiko Gotorlekuaren zaharberritze lanak finantzatzea eskatuz

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Oroimen Demokratikoaren Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea bete denean, Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak 158 zuzenketa erregistratu ditu Kongresuan onartutako testua hobetzeko helburuarekin, bere iritziz defizit handiak baititu lege horrek.

    Geroa Baiko senatariak Oroimen Demokratikoaren Legearen denbora-esparrua handitzea proposatzen du, indarkeria ilegal eta ez-legitimoko biktima bakar bat ere atzean ez uzteko.

    Iruñeko ‘Eroritakoen Monumentuari’ erreferentzia zuzena eginez, Koldo Martínezek proposatu du “altxamendu militarraren eta Diktaduraren edo bere buruzagien gorazarrerako oroimen aipamen pertsonalak edo kolektiboak iraganean modu agerian egin zituzten edo gaur egun ere egiten dituzten eraikinak, armarriak, ikurrak, plakak eta abar, eta eraikinetara atxikirik dauden edo bide publikoan dauden beste edozein elementu edo objektu, oroimen demokratikoaren aurkakoak diren elementutzak jo daitezela, eta eraikin edo bestelako horien jabe diren erakunde edo pertsona juridikoak izan daitezela horiek erretiratzeko, modu partzialean edo bere osotasunean deuseztatzeko edo eraikin horien esanahia erabat aldatzeko arduradunak, eraikin horien gainean burutu beharreko lanetan botere publikoen aldetik inolako mugaketarik gabe egon gabe”.

    Era berean, Ezkaba mendiko Gotorlekua zaharberritzeko 2023 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrek 35 milioi euroko partida bat jaso dezaten eskatu du Geroa Baiko senatariak, Kongresuak onartutako lege proiektuan oroimen historikoko tokien zerrendan sartu baita. “Hasierako finantzaketa hori gabe, gotorlekua mantentzeko urtero beharko den finantzaketarekin jarraituz, Gotorlekua Oroimen Toki moduan aldarrikatzea itxurakeria hutsean geratzen da, beste propaganda ekintza batean alegia, eta ez da oroimenaren aldeko benetako ekintza bat”, ziurtatu du.

    Legea 2015 urteraino luzatu

     

    Legea 2015 urtera arte jazotako indarkeria ilegal eta ez-legitimoko ekintza guztietara hedatu dadin proposatzen du Geroa Baiko senatariak, izan ere, adibidez, salatutako azken tortura kasuak 2014 urtekoak dira. Hori lortzen ez bada, alternatiba moduan, legearen denbora-esparrua 1989ko irailaren 20ra arte luzatzea proposatzen du ere, hori baita bonba pakete batek José Antonio Cardosa postariaren bizitzarekin amaitu zuen data, gerra zikinaren azken ekintzatzat jotzen dena alegia.

    Koldo Martínezek ziurtatu duenez, “frankismoaren biktimen eta demokraziaren lehen garaietan, demokrazia ez-oso hartan jardun zen Estatu-terrorismoaren biktimen oroimena berritzeko eta biktima horiek guztiak aitortzeko ez da aukera askorik egongo, Germán Rodríguez edo Mikel Zabalza nafarren hilketen bezalakoen arduradunak eta polizia-indarkeriaren beste biktima askoren erantzuleak oraindik ezkutupean mantentzen baitira. Horregatik, Legea Estatu-terrorismoaren azken biktimaraino iristea nahi dugu Geroa Baitik, inor atzean ez uzteko”.

    Legeari aurkeztutako beste zuzenketa batzuetan, 1936tik gertatutako giza eskubideen urraketen ikerketa historikoari oztoporik ez jartzea proposatu du Geroa Baiko senatariak, bai eta biktima eta biktimarioen datu zerrenda bat sor dadila, eta biktima zerrenda horren baitan kolpistek hildako apaizak eta frankismoan eta trantsizioan zehar errepresaliatutako pertsona guztiak ere sar daitezela. Era berean, biktimen erreparazio integrala bultzatzea proposatu du, Kongresuan onartutako legean erreparazio morala bakarrik aipatzen baita. Halaber, Koldo Martínezek gogorarazi duenez, zenbait Autonomia Erkidegotan, hala nola Nafarroan -2015etik, Uxue Barkosen gobernuarekin- edo Euskal Autonomia Erkidegoan, DNA Bankuak eta Oroimen Eskolak badaude jada, Estatuan gertatzen ez den moduan, horregatik legearen hainbat artikuluri zuzenketak aurkeztu dizkie ere orain Estatuan bultzatuko diren DNA Banku eta Oroimen Eskola horiek aurretik daudenekin koordinatu daitezen.

    “Legeak ez baditu alor hauek guztiak jasotzen hankamotz geratuko da eta biktima guztiei zor diegun egia, justizia, erreparazio eta berriro ez errepikatzeko berme printzipioei ez die erantzungo ere”, ziurtatu du Koldo Martínezek. “Printzipio horiek bere osotasunean errespetatu beharra dago, benetako bizikidetzara eramango gaituen egia sendatzailea gizarte moduan lor dezagun”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko