Gizarte kohesioan aurrera egiteko bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia bizkortzea eskatu du Geroa Baik
Eskumen hau Nafarroak kudeatzearen garrantzia azpimarratu du Isabel Aranburu parlamentariak
Bizitzeko Gutxieneko Diru sarreraren transferentzia bizkortzea eskatu du Geroa Baik, maila guztietan garrantzia handia duen eskumena dela baiteritzo: eskumenei eta autogobernuari dagokionez, kudeaketaren eraginkortasunean, eta herritar zaurgarrienei dakarkien onurari dagokionez ere.
Isabel Aranburu koalizioko parlamentariak datorren ostegunean Foru Parlamentuan eztabaidatuko den ekimen bat erregistratu du, horren bitartez Nafarroako Gobernua eta Estatua premiatuz eskumen honen transferentzia prozesua lehenbailehen burutu dezaten.
Aranburuk gogorarazi duenez, “urte eta lau hilabete igaro dira jada Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera indarrean sartu zenetik”, eta era berean azaldu duenez “2020ko urriaren 31 zen hura arautzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Dekretu-Legeak ezarritako epe muga Foru Komunitateko gutxieneko errentekin egin beharreko artikulazioa arautzeko”.
“Urtebete igaro da eta prestazio honetan aurreikusitako eskualdaketa gauzatzear gaude oraindik”, ziurtatu du foru parlamentariak, aldi berean eskatuz transferentzia hau “bere osotasunean” egin dadila, “horrela errenta bermerako gure sistema sendotzeko helburuarekin, bai eta txirotasunari eta bazterketari aurre egiteko eta gizarte kohesioan aurrera egiteko helburuarekin ere”.
“Guretzako funtsekoa da transferentzia hau erabatekoa eta osoa izatea. Ez da gai makala, gure autogobernuaren esparruan bete betean sartzen den eskumen afera baita, Nafarroak errenta bermatua modu eraginkorrean kudeatzen duela frogatu duelako eta erdizkako transferentzia batek bi errentak jasotzen dituzten pertsona eta familiengan batere positiboa ez den eragina edukiko duelako”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.
Isabel Aranburu