Gobernu talde berriak egonkortasuna emanez Udalaren paralizatzea ekidin duela nabarmendu du Lizarrako Geroa Baik
“Inbertsioak erakartzeko, kontuak onartzeko eta sozialki eta finantzarioki jasangarria den Udal bat lortzeko egonkortasuna” nabarmendu du Pablo Ezcurrak.
Lizarrako Geroa Baik balantzea egiteko prentsaurrekoa eskaini du legegintzaldiaren erdia bete denean. Pablo Ezcurra zinegotziak nabarmendu duenez, gobernu talde berriak Udalaren paralizatzea ekidin du, egonkortasuna emanez. “Egonkortasuna beti izan da gure helburua, gure lanarekin bilatu duguna hori izan da 2003 urtetik udalean sartzea lortu genuenetik”, azpimarratu du Ezcurrak. “Inbertsioak erakartzeko egonkortasuna, kontuak onartzeko eta finantzarioki zein sozialki ere jasangarria den Udal bat lortzeko egonkortasuna”, nabarmendu du zinegotziak.
“Horregatik guztiagatik, arduragabekeria itzela izango litzateke gutxiengoan zegoen Gobernuari jarraitzen uztea, ohiturik gintuen jarduteko moduekin zailtasun handiak edukiko bailituzke Pandemiaren eta bere ondorioen kudeaketan”, nabarmendu du.
Ezcurrak gogorarazi duenez, aurreko Gobernu taldeak “politika baztertzaileak, utzikeria eta lan egiteko gogo falta” irudikatzen zuen. “Jarrera hauen adibideak zenbatezinak dira: informaziorik gabe eta plantilla organikoarekin bete gabeko izendapenak, modu opakoan sinaturiko kontratuak, Udalbatzaren borondatea desegiteko helegite judizialak, udal politikan udal taldeen partaidetza ukatzea. Baina larriena: eskuin muturra udal uztai politikoan sartu izana; hamahiru arrosen plazari izena jartzea erabaki zen osoko bilkura eta UPNren diskurtsoa gogoraraziko dugu bakarrik (gehiengoarekin onartu arren puntu hori betetzeari uko egin ziolarik gainera), gure jarreraren antipodetan dagoen diskurtso bat, eta azken finean Europako edozein jarrera demokratikoren antipodetan ere”, azaldu du.
“Zorionez, hau guztia atzean geratu da eta gobernu berriarekin, Geroa Baik Industria eta Berrikuntza alorra kudeatzera itzuli da berriro, alor horietara lehen aldiz Merkataritza eta Turismo alorrak gaineratuz, eta gure zuzendaritzapean eginez”, ziurtatu du.
“Alarma egoeraren ezarpenaren ondoren hiru norabidetan ekin genion lanari: araudi berriari egokitu, egoera berriaren eragina leuntzen saiatu eta berezi, gure hiriko merkataritzan kontsumoa sustatu”, azpimarratu du. Horretarako, zinegotziak azaldu duenez, “terrazen azalera handitu genuen, mahai gehiago baimendu ziren, COVID laguntzen linea kudeatu genuen eta merkataritza laguntzeko lau bono kanpaina atera genituen”.
“Industria alorrean, Miguel de Eguía industrialdearen bigarren fasea kudeatu genuen, hori kudeatzeko Nasuvinsarekin Hitzarmena sinatu genuen, eta hemendik gutxira markaturiko mugarriak betetzen jarraituko dugu”, azpimarratu du.
Pablo Ezcurrak gogorarazi duenez, “·Bai UPNren bai eta PSNren oposizioarekin, Enpresa mintegiaren handitzea errealitate bihurtzea lortu dugu, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkezturiko zuzenketen bitartez beharrezko finantzaketa lortu genuen, eta gaur egun esleipen prozesuan dago”. “Urte amaierarako Lizarrak bultzada ekonomikorako azpiegitura sendoena edukiko du, bai udal mailan bai eta foru mailan ere”, azpimarratu du.
Halaber, zinegotziak etorkizunera begiratu nahi izan du eta aurre egin beharreko erronka nagusietako batzuk nabarmendu ditu ere. “Datozen hilabeteetan ezagutzera emango diren proiektu askotan ari gara lanean, bai eta datozen bi urteetan errealitate izango diren beste askotan ere”. Horien artean hirirako marka turistiko berri baten proiektua eta kudeaketa aipatu du, bai eta marka berriari loturiko erakarpen turistikorako plan baten diseinua ere, erdi aroko astea interes turistikoko festa moduan aldarrikatzea, bono kanpainei data jakinetan urtaro izaera ematea, ekintza komertzialerako plan bat, autokarabana gune bat, autobus geltokiko kutxatilategien gunearen zaharberritzea... eta nola ez, Miguel de Eguía industrialdearen bigarren fasean lurzoru urbanizatua lortu, lehen salmentak kudeatu, gure hirian industria kokatzea lortu eta enpresa mintegian handitutako gunea betetzen jarraitu.