Gobernu zentralak 5,3 milioi onartuko ditu Atarrabiako uholdeak ekiditeko, Koldo Martínezek lortutako konpromisoa
Nafarroako udalerrietan jada martxan dauden edo Geroa Bairekin adosturiko aurrekontu partidak dituzten estatuko inbertsioak 17 milioikoak dira
Atarrabian uholde arriskua murrizteko lanentzako 5.300.000 euroko dirulaguntza onartzeko dekretu-legea onartuko du Gobernuak aurki egingo den Ministro Kontseiluan. Horrela, 2022 urteko Estatuko Aurrekontuak onartzearen truke Sánchezen Gobernuak Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoarekin lortutako akordioa beteko du, bertan ere beste bost ekintza aurreikusten zirelarik Atarrabiakoaz gain, osotara 17 milioi euroko balioarekin.
Koldo Martínez bere poza agertu du Gobernuko iturri ofizialek aurreratu dioten berri honen aurrean. “Azaroan Senatuan egin zen azken osoko bilkuran talde sozialistari azpimarratu nion hilabeteko epea zutela Estatuko Aurrekontu Orokorrei nire aldeko botoaren truke adostu nituen sei ekintzetako azkena betetzeko. Ministro Kontseiluari helarazitako akordioa ozta ozta iritsi da eta adostutakoa bete zedila behin eta berriro eskatzen hilabetez egon ondoren. Baina, azkenean Atarrabiak pairatzen dituen uholdeak murrizteko Estatuaren finantzaketa lortu dugu. Lan hauek udalerriarentzako hobekuntza izateaz gain, Iruñearentzako eta ibaian behera dauden Iruñerriko beste udalerrientzako ere onuragarria izango da”.
Uholde arriskua murrizteko Atarrabian burutuko diren lanen baitan San Andres presaren inguruko ekintza ugari daude, bai eta izen bereko zubian ere, Iongraf-en paretaren eraisketa -eta enpresaren nabea bera ere-, bai eta lurzoru kutsatuen erretiratzea, egungo oinezkoentzako zaldainaren tokialdaketa errotatik gertuago dagoen beste gune batera, eta ibaiaren eskuin ibaiertzeko ingurumenaren zaharberritzea.
Geroa Baiko senatariak gogorarazi du 2022 urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaidan proposatu zuela Atarrabian uholdeak ekiditeko lanak finantzatzeko zuzenketa, eta hori 2021eko abenduaren 10ean Atarrabiak jasandako uholde historikoak baino egun gutxi lehenago izan zela. “Kasualitatea, 2022 urterako Aurrekontuei aurkeztu genien zuzenketetako batek Ultzama ibaiaren ingurumenaren berreskurapen eta hobekuntza hidraulikorako Planaren finantzaketa Estatuak jar zezan eskatzen zuen. Eta hura aurkeztu eta bi egunetara uholde ikaragarriak egon ziren Nafarroan eta kaltetuen suertatu zen zonaldeetako bat Atarrabia izan zen. Horregatik, ekintza honetarako Estatuaren finantzaketa lortzeak lehentasun osoa zuen gure iritziz”.
Ilusioa bizilagunen artean
Bere aldetik, Mikel Asiain Atarrabiako zinegotziak azpimarratu duenez, “lan hauen finantzaketari Ministroen Kontseiluak bere oniritzia emango diola iragartzen duen informazioa Atarrabiak uneotan jaso dezakeen berririk hoberena da, urtebete luzez itxaroten egon ondoren gainera, izan ere Koldo Martínezek sinatutako akordioak ilusio handia sortu zuen ibaiertzeko guneetan bizi diren bizilagunen artean”.
Asiainek gogorarazi du 2013ko ekaineko uholdeak zedarri historikoa jarri zuela, inoiz ez baitzen hain uholde handirik egon. Urte bereko urtarrilean beste bat egon zen, eta ondoren ere beste batzuk egon ziren, ez hain suntsikorrak, 2015eko urtarrilean eta otsailean, 2018ko apirilean, eta azkena, 2019ko urtarrilean. Iazko abenduko uholdeak iritsi ziren arte, 2013koak gaindituz.
“Gune honek kalte berriak ekiditeko neurri sendoak behar zituen, jada bizitako egoerak errepikatzea ekiditeko eta horregatik eskatu genion Koldo Martínezi Ogasun ministroarekin negoziatu behar zituen proposamen guztien artean proposamen hau ere sar zezan”, gaineratu du Atarrabia Geroa Baiko zinegotziak.
Mikel Asiainek azpimarratu duenez “lanak eta eskakizunean amore ez emateak bere fruituak eman ditu, eta ez bakarrik besteen ekintza faltaren aurrean, baizik eta burutzen ari genuen lanarekiko batzuek egindako kritiken eta fedegabetasunaren aurrean ere”.