Gobernuak Nafarroarekin negoziatuko duenaren konpromisoa hartu du Ogasun Ministroak Koldo Martinezekin, Covid-19ak eragindako diru-sarreren gainbehera orekatzeko
Senatari autonomikoak gogorarazi duenez nafarrek Estatuko gastu orokorretan laguntzen dute, errege emerituari egiten zaizkion ekarpenak barne
Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomiko eta Geroa Baiko kideak galdera egin dio gaur María Jesús Montero Ogasun ministroari Senatuko osoko bilkuran, komunitate autonomoei zuzenduriko Koronabirusaren Ez Ohiko Planeko 5.000 milioi euroren banaketatik Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa kanpo uzteko erabakia dela eta. Bere erantzunean ministroak ezezkoa eman dio bi komunitateek ez ohiko ekarpen horretan parte hartzeko aukerari, haien berezitasun fiskala dela eta, baina argitu duenez, “Batzorde Mistoaren markoan, diru-sarreren gainbeheraren ondorioz egin beharreko konpentsazioak Nafarroako Komunitatearekin dauden bi-aldeko organoetan zehaztuko dira”.
Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, 5.000 milioi euroko partida hori, pandemiak eragindako egoera sanitario eta ekonomikoari aurre egiteko komunitate autonomoen gaitasuna sendotzeko helburua duen 16.000 milioi euroko plan global baten zati bat da. Eta, zehazki, 5.000 milioi euro horien helburua, pandemiarekin sortutako krisialdi ekonomikoaren ondorioz egondako diru-sarreren gainbehera komunitate autonomoei konpentsatzea da.
“Ez dirudi zentzuduna -azpimarratu du Koldo Martínezek- ez ohiko egoera baten ondorioz sortutako ez ohiko funts batetik Nafarroa kanpo uztea, Covid-19aren eraginaren ondorioz bere diru-sarrerak 800 milioi eurotan murriztuta ikusiko baititu ere”.
“Nafarroako Hitzarmena -gogorarazi du Geroa Baiko senatariak- akordioan eta alde bakarreko arriskuan oinarritzen da, sistema hau kritikatzen dutenek ahaztu egiten dutena edo ahaztu nahi dutena. Beste komunitateek bere egiten ez duten arriskua guk geure egiten dugu, transferitu gabeko zerbitzuengatik Estatuari ordaintzen baitiogu, diru-bilketan gaizki ibilita ere. Estatuaren zorraren ordainketa solidarioa ere geure egiten dugu, Administraritza Orokorrarena bai eta gainontzeko autonomiena den zorra. Eta akordioaren zati delako egiten dugu hori”.
“Hain gara solidario -azpimarratu du Koldo Martínezek-, Nafarroako Foru Komunitateak adibidez, Nafarroako herritarrok, errege emerituaren gastuen %1,6 finantzatzen dugula, eta bide batez, fiskaltzaren arabera iruzurturikoa azkenean horrela izan dela frogatzen bada eta Estatuak berreskuratzen badu, dagokiguna itzultzea espero dugu ere. Nafarroak %1,6ko ekarpena egiten du Monarkiaren, Ejerzitoaren, enbaxaden eta beste abarren gastuetan. Eta %1,6arekin egiten dugu, populazioari dagokionez Nafarroa %1,4 besterik ez denean Estatu mailan. Hortaz, solidarioak gara”.
Bere erantzunean, María Jesús Montero Ogasun Ministroak ziurtatu duenez “Batzorde Mistoaren markoan, diru-sarreren gainbeheraren ondorioz egin beharreko konpentsazioak Nafarroako Komunitatearekin dauden bi-aldeko organoetan zehaztuko dira”. Monterok Geroa Baiko senatariari adierazi dio Nafarroak Ez Ohiko Planaren beste finantzaketa ildoak eskuratuko dituela Osasungintza eta Hezkuntzarako, hauek osotara 11.000 milioi eurokoak izanik.
Koldo Martínez