Haien udalerrian D eredua eskatzen duten familien alde Mendigorriko udalak onartutako mozioarekin bat egin du Geroa Baik
Solana parlamentariak ziurtatu duenez, legezkoa izateaz gain, zentzuduna da politika aurrerakoien, parekidetasunaren eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunearen ikuspuntutik
Mendigorriko Udalak udalerriko Ikastetxe Publikoan haien seme-alabak D ereduan matrikulatzeko aukera eskatzen duten gurasoen alde onartutako mozioarekin bat egiten du Geroa Baik. Pasa den hilabetean onartutako mozioa parlamentuko talde guztiei helarazi zaie gaur goizean.
María Solana Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak ohartarazi duenez, “orain osasun krisialdiari irtenbidea bilatzean buru belarri gauden arren, Hezkuntza Departamentuaren mahai gainean egoten jarraitzen duten gaiak ezin ahaztu ditzakegu, Mendigorriko Ikastetxe Publikoan D ereduaren eskaerari erantzuna ematea alegia”.
Udalerriko Udalbatzak, despopulazioaren aurkako bere borrokan, Nafarroako Gobernua premiatzen du udalerriko ikastetxeak bere ikasle kopurua ez gutxitzeko beharrezko erabakiak har ditzan. Jarrera honekin bat, María Solanak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak despopulazioaren aurkako borrokarako bere politiken ardatz nagusi moduan jarri duela hau, horregatik “ez litzateke ulertuko Mendigorrian D ereduko linea bat ez irekitzen tematurik egotea, haurrak Gareseraino lekualdatzera behartuz”.
Udalak bere udalerrian D ereduko linea irekitzeko Nafarroako Gobernua premiatu izana baloratu du Geroa Baiko parlamentariak, “modu honetan haur asko errepidera irtetea ekidingo baitu, horrek dakartzan arriskuekin”.
Halaber, Solanak gogorarazi duenez “Mendigorria eremu mistoko udalerria da eta, hala den heinean, indarrean dagoen legediak ez du gutxieneko ikasle kopuru bat eskatzen zentro horretan D ereduko ikasgela bat irekitzeko. Udalbatzak azpimarratzen duen moduan, Nafarroako herri ezberdinen artea desparekotasunik ez eta tratu desberdintasunik ez sortzeko lan egin beharra dago”.
Azkenik, foru parlamentariak espero du “kontseilariak familien, Mendigorriko Udalaren eta Gobernuan babesten duten indar politikoen eskaerari erantzuna eman diezaion, eta bereziki legezkoa eta berme juridiko osoa duen eskaera bati erantzuna emateko ardura ulertuz joka dezan, zentzuzkoa baita ere politika aurrerakoien, parekidetasunaren eta hizkuntza aniztasunaren begirunearen ikuspuntutik”.
María Solana