Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak
Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur Hartutako Kalte Zerebralaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Gizartea sentsibilizatzeko eta hartutako kalte zerebralak sortzen dituen arazoak agenda publikoan sartzeko helburuarekin egin da ekitaldia, eta parlamentuko talde guztiek bat egin dute Foru Erkidegoan 16 urte arteko 160 adingabe kaltetzen dituen patologia honen arreta indartzeko asmoz.
Hala berretsi du Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakariak; izan ere, bere ustetan, “garunean bat-batean izandako lesio baten ondorioz haien garapena eten egin den haurren bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginean ari den erakunde aitzindari honen lana ikusaraztea bidezkoa da”.
“Atzo Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna zela eta komentatu genuen, eta ez gara nekatuko hori errepikatzeaz. Orain, inoiz baino gehiago, osasun-sistema sendoa izatearen garrantzia agerian dago. Aurreko legealdian, Hiru Hamabirekin batera, Haurren Kalte Zerebralaren Arretarako lehenengo programa landu zen. Eredu hori kanpora eraman daiteke, adituen diziplina anitzeko batzorde baten ekarpenetatik sortua baita”, adierazi du Hualdek.
Horrela, Hiru Hamabi Haurren Hartutako Kalte Zerebralaren Elkartea zoriondu eta 2013tik aholkularitza-, laguntza- eta sentsibilizazio-lanetan erreferentziazko erakunde gisa egiten ari den lana nabarmendu ondoren, lehendakariak azpimarratu du Legebiltzarrak konpromisoa duela gizarte hobe bat eraikitzearekin zerikusia duen guztiarekin.
“Ez dezagun ahaztu Hartutako Kalte Zerebralak, oro har helduak kaltetzen dituen arren, adingabeei ere eragiten diela. Komeni da gogoraraztea edozein unetan eta edozein adinetan iktusa edo garezurreko traumatismoa izan dezakegula. Hiru Hamabi zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko zuen lanagatik”.
Unai Hualde