Itzuli

Hatortxu jaialdia egiteko espazio berriak uzteko alkatetzaren erabakia kritikatu du Geroa Baik

Jaialdian jazotako eraso sexista eta homofoboak salatu ditu gainera koalizioak

    Azken asteburuan ospatu den Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileei ohikoak baino espazio gehiago uzteko alkatetzaren aldebakarreko erabakia kritikatu du Atarrabiako Geroa Baik. “Horrela adierazi genuen pasa den ostegunean, uztailak 28, egin zen Udaleko Osoko Bilkuran, eta horrela berresten dugu prentsa ohar honen bitartez. Gure iritziz ez zen egokia Ultzama parke osoa uztea bertan eszenatoki berri bat jartzeko, bai eta barra gehiago jartzeko ere, ondoan dauden etxebizitzen hurbiltasuna dela eta -10 metro eskas-, izan ere bizilagunek haien leihoak itxi beharko lituzkete espazio berri horretan sortutako zarata ekiditeko. Are gutxiago bero olatu betean, eta berriki hurbileko zelai batean sute bat egon ondoren. Denok dakigu horrelakoa bezalako ekitaldi handi batean jendeak erre eta edan egiten duela, horregatik arrisku aukerek gora egiten dute. Jaialdiak jada ohiko tokia zuen, Atarrabia eta Burlatako hilerrien artean kokatua, nahikoa kontzertuak antolatzeko, eta auzoko etxebizitzetatik urrunago gainera”, ziurtatu du.

    “Denok pairatu ditugu pandemiaren bi urteak, jai eta ekitaldi jendetsuak bertan behera geratzearekin, eta zalantzari gabe, denok gaude irrikitan antolatzen diren ekitaldi ludiko guztiekin gozatzeko, baina baita ere ziurgabetasunez beteriko bi urteren ondoren merezitako atsedenaldiaz gozatzeko ere”, azpimarratu du koalizioak.

    Bestalde, koalizioak erabateko gaitzespena agertu du asteburuan zehar Atarrabian jazotako hiru eraso homofobo eta bost eraso sexisten aurrean, horiek guztiak Hatortxu Rock jaialdiaren baitan gertatutakoak. 

    “Tamalez -nabarmendu du koalizioak- inoiz gertatu behar ez liratekeen erasoen aurrean gure erabateko gaitzespena agertu behar dugu beste behin, zorigaitzez behin eta berriro gertatzen baitira ekitaldi jendetsuetan, hots gure udalerrian egunotan ospatu den honetan. Udan zehar gure Komunitateko udalerri guztietako festak iritsiko dira, jende asko biltzen dituen ekitaldiekin, eta horiek aprobetxatzen dituzte erasotzaileek, horregatik gizarteari deia luzatzen diogu horrelakoak ez onartzeko eta gertatzen den edozein eraso mota salatu dezan. Herritar orok, bere generoa eta sexu joera dena delakoa ere, eskubide berbera du jai giroan beldurrik gabe eta erasorik jaso gabe gozatzeko. Eta alkohola ezin da egoera horien aringarri bezala ulertu”. 

    “Berdintasunaren baloreetan hezten jarraitu beharko dugu -azpimarratu du koalizioak- mota honetako jokabideek tokirik izango ez duten gizarte bat lortzeko”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko