Itzuli

Hauteskundeetara aurkezteko Illak pandemia betean dimititu izana “akats onartezina” dela esan du Koldo Martínezek

Zenbait komunitatetan arnasgailuen urritasunaren aurrean, Gobernu espainiarrak osasun langileen irizpideak babesteko eskakizuna berretsi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak gaur “akats onartezintzat” jo du “hirugarren olatuaren erdian, egoera kezkagarrian, Osasungintzaren arduradun den ministroak hauteskunde batzuetara aurkezteko dimititu izana. Politika modu alderdikoi deitoragarrienean erabiltzea da hori”.

    Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, senatariak, sendagile intentsibista eta bioetikan Estatu mailan adituenetakoa dena ere, “kezkagarritzat” jo du Covidak eragindako egungo egoera eta zenbait autonomia-erkidegok eskatzen dituzten neurri murriztaileagoak direla eta nabarmenduz zera esan du; “iruditzen zait Kataluniako hauteskundeak ez oztopatzeko espainiar Gobernuak ez dituela zenbait neurri hartzen ari”. “Une honetan ahalik eta mugikortasun txikiena sustatu beharra dago, txertaketa ahalik eta gehien areagotu, bai eta test eta aztarnari kopurua ere. Txertaketak bakarrik ez du emaitzarik edukiko. Lau neurri hauek aldi berean ezartzea beharrezkoa da eraginkorrak izan daitezen”, ziurtatu du Nafarroako Ospitaleko ZIUan 44 urtez lan egin duen senatariak.

    Koldo Martínez kritiko agertu da Sánchezen Exekutiboaren izendapen berriekin. “Icetaren izendapena kromo aldaketa bat da. Seriotasun gutxi du horrek eta pertsonek politikan gutxiago sinestea eragiten du. Darias elkarrizketarako irekia da, baina, pandemia bezalako egoera berri baten aurrean, konponbideek elkarrizketa handia behar dute eta irizpide zientifikoetan oinarrituak izan behar dira”.

    Geroa Baiko senatariaren aburuz “ekonomia eta osasuna orekatzen jarraitu beharra dago. Eguberrietako erabakiak eskua ireki zitekeela ustez hartu ziren, baina kasuen areagotzea gizartearen jokabidearen ondorio da ere”.

    Txertaketa kanpainari eta sortutako itxaropenei dagokienez Koldo Martínezek azpimarratu duenez “politikariek egia esan behar dute, itxaropen faltsurik sortu gabe, eta hori bera eragin dute herritarren %70 uda baino lehen txertaturik egongo dela ziurtatu dutenean”. “Txertaketa orain arte zinez etsigarria izaten ari da, txertoa beharrezkoa eta funtsezkoa den tresna bat izan arren. Txertaketan errenkada saltatzen dutenak zigortu beharra dago, bai eta egoera hauek errepikatzea ekidin, baina bigarren dosia ematearen aldekoa naiz”.

     

    Irizpideak finkatu eta osasun langileei babesa eman

    Zenbait autonomia-erkidegotan arnasgailuen faltak sortutako egoera berriaren aurrean, Covid-19 koronabirus gaixoei ematen zaien osasun arretaren egokitzea burutzeko behar diren printzipio eta baloreak zehazteko Gobernu zentralari egindako bere eskakizuna gogorarazi du Koldo Martínezek, osasun langileek haien erabakiak auzitegietan jar daitezkeen salaketekin konprometiturik ikus ez ditzaten.

    El Español egunkari digitalari egindako adierazpenetan, Koldo Martinezek gogorarazi du apirilean mozio bat aurkeztu zuela Senatuan, Exekutiboa premiatuz gaixo bati haizagailu bat kentzea erabakitzera beharturik daudenei babesa eman ziezaien. Mozioa Goi Ganberako Osasungintza Batzordean onartu zen, baina Gobernu zentralak ez du praktikan jarri.

    “Lehen olatuan, jendeak ahal izan zuen moduan kudeatu zuen arnasgailu kopurua eta imajina daitekeen fintasun etiko eta kliniko handienarekin egin zen”, berretsi du Koldo Martínezek.

    Adibide moduan, Marylandeko Estatuak (AEB) 2004an egindakoa gogorarazi du Geroa Baiko senatariak. Bertan erabaki zenez, haizagailuen erabileraren murrizketarako erabaki medikuengatik salaketa bat erregistratzen bada, exekutiboak ardurapean dauden sendagileek hartutako erabakiak babestuko ditu. Osasun langileen erabakiei babesa emateko lege formula hau, senatariaren aburuz, “Administraritza publikoaren eta osasun profesionalen arteko konfiantzaren erakusgarria da”.

    Marylandeko segurtasun publikoaren sailaren idazketa berriak atal bat du non esaten den “mediku arreta ematen duenarengan erantzukizun zibil edo penalak ez du eraginik fede onez jardun badu eta osasun larrialdi katastrofiko baten pean aritu bada”.

    “Ni konbentzituta nago profesionalen jardunbide etikoa agerikoa dela. Baina ez legoke batere gaizki Gobernuaren pronuntziamendu bat egotea sendagile eta erizain hauei bere babesa ematen dietela esanez”, azpimarratu du. Geroa Bairen senatariaren aburuz, pronuntziamendu honek osasun langileei beti zailak diren erabaki hauetan “gainkarga emozionala” kentzea ekarriko luke.

    Izena eman gure buletina jasotzeko