Itzuli

Hautesle taldeen eta tokiko alderdien problematika hurrengo udal hauteskundeak baino lehen konpontzea eskatu du Geroa Baik

Koalizioak dei zuzena egin dio PSOEri emandako hitza eta talde hauekin hartutako konpromisoa bete dezan

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Hautesle taldeen eta tokiko alderdien problematika lehenbailehen konpontzea eskatu du Geroa Baik, hurrengo udal hauteskundeak egin baino lehen hain zuzen ere. Horretarako, koalizioak mozio bat erregistratu du Foru Ganberan, Diputatuen Kongresua premiatuz honek, premiaz eta hilabeteko epea baino lehen, Batzorde Konstituzionalaren baitan Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa erreformatzeko Azpibatzordea dei dezan, egungo egoerari konponbidea jartzeko beharrezkoak diren lege aldaketei heltzeko helburuarekin. 

    Kongresuak eskaera honi erantzuten ez badio, erregistratutako ekimenean Geroa Baik Estatuko Gobernua premiatzen du ere zentzu honetan ekimena hark har dezan eta Lege Proiektu bat aurkeztu dezan, tokiko alderdiek eta hautesle taldeek pairatzen duten egoerari konponbidea emateko; era berean Senatuan eskatuko da ere Koldo Martínez senatari autonomikoaren bitartez. 

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak gogorarazi duenez, legegintzaldi honetan Hauteskunde Legearen eta Alderdi Politikoen Finantzaketa Legearen aldaketa bat tramitera onartzea defendatu genuen Diputatuen Kongresuan, baina PSOE eta Vox alderdien aurkako botoarekin eta PPren abstentzioarekin ez zen aurrera atera. Hortaz, dei zuzena egin dio PSOEri emandako hitza bete dezan eta gai hau Kongresuko Azpibatzordean jorratzeko eztabaida hartan hartutako konpromisoa ere bete dezan. “Berandu dabiltza, izan ere PSOEk hautesle taldeekin hartutako konpromisoa ez baitu bete”, azpimarratu du. 

    Bere aldetik, Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “Nafarroako hautesle talde askok eta udalerri bakarrean aurkezten diren formakuntza independente txikiek arazo larria dute, haien hauteskunde gastuei inposaturiko muga barregarria gainditzekotan isun ikaragarriei aurre egin behar baitiete”. 

     

     

     

     

    AURKEZTUTAKO EKIMENA

    Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako ekimenean Geroa Baik gogorarazten duenez, “urtebete baino gehiago igaro da 2021eko irailaren 14an Diputatuen Kongresuak, Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketarako Lege Organikoa modu partzialean aldatzeko Lege Proposamena aintzat hartzeari uko egin zionetik, aurretik Nafarroako Parlamentuan onartu eta Behe Ganberara igorri ondoren”. 

    “Foru Parlamentuaren proposamena baztertzeko une hartan mahaigaineratu ziren argudioen artean zera zegoen, Kongresuak berak 2021eko apirilean Azpibatzorde bat sortu zuela Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren balizko aldaketei heltzeko eta hori zela Parlamentu honek planteatzen zituen aldaketak eztabaidatzeko eszenatokia”, gogorarazi du. 

    Koalizioaren arabera, “urtebete baino gehiago igaro ondoren gai honetan ez da aurrerapausorik eman, are gehiago, pasa den maiatzean Diputatuen Kongresuko Osoko bilkurak Azpibatzorde horren lanak amaitzeko sei hilabeteko  luzapena onartu zuen”. “Luzapen horren ondoren, Azpibatzordeak 2023ko otsailera arteko epea du bere baitan burutu diren lanei buruzko txostena aurkezteko”, azaldu du. 

    “Epe luzapen horrek -Geroa Bairen arabera-, Udal Hauteskundeak gertu direnez, Nafarroatik planteaturiko aldaketarekin defendatzeko asmoa zegoen tokiko hautesle taldeen interesak kaltetuko ditu”. 

    Horregatik guztiagatik, Geroa Bairen aburuz “beharrezkoa da udal hauteskundeetan gastu muga benetako beharretara egokitzea”. Zentzu honetan, gogorarazi beharra dago Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoak hautesle taldeen eta udalerri bakarrean aurkezten diren alderdi txikien kanpainen gastu muga txikiegia ezartzen duela, biztanleko 0,11 eurokoa alegia, alderdi maioritarioek duten probintzia-osagarria eskuratzeko aukerarik gabe gainera. 

    Halaber, hauteskunde gastua legean ezarritakoa baino %10 gainditzekotan ezartzen den gutxieneko 50.000 euroko isuna kentzearen alde egin du Geroa Baik, hala proposatu baitzen ere Alderdi Politikoen Finantzaketarako Lege Organikoaren azken aldaketan.

    Izena eman gure buletina jasotzeko