Itzuli

Hezkuntza departamentuak jarrera aldatu izana eta hezkuntza itunak beteko dituela balioetsi du Geroa Baik

Koalizioaren iritziz bere eskakizunari erantzuna eman zaio eta horrekin Programa Akordioan hartutako konpromisoak betetzen dira ere

    María Solana María Solana

    Geroa Baik modu positiboan baloratu du Hezkuntza Departamentuak azkenik bere jarrera aldatu izana eta hezkuntza itunetan hartutako konpromisoak betetzen jarraituko duela, bai hezkuntza publikokoak bai eta itundutakoan ere, aurtengo ikasturteari eta datorrenari dagokienez, “behin baino gehiagotan kontseilariari eskatu genion moduan eta Programa Akordioan hezkuntzari dagozkion 6 eta 9 puntuetan jasotzen den moduan ere”.

    Alde batetik, 21/22 ikasturteari begira, irakaskuntza publikoaren hobekuntzarako itunean jasotzen den moduan, eta Departamentuak aurrekontu proiektuan aurreikusi ez zuen arren, 55 urte baino gehiagoko irakasleen irakaskuntza zuzeneko orduen murrizketa egitea ahalbidetuko da.

    Itundutako sareari dagokionez, bertako irakasle eta irakasle ez diren langileei 2012 urtean ezarri zitzaien soldata murrizketa leheneratzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Departamentuak, bai eta 2016 urteaz geroztik egiteke dagoen %1aren berreskurapena ere, kontseilariak 2020ko uztailean itun berria sinatu zuenean hartutako konpromisoa alegia. Kontseilariak berak aurreratu zigunaren arabera, egitasmoaren zati bati urte honetan bertan helduko zaio eta gainontzekoa egutegiratu egingo da, jardunean dagoen legegintzaldia amaitu baino lehen beti, aurrekontuan sartu dadin. “Hau da Geroa Bairekin hartutako konpromisoa eta, horrela ulertzen  dugu, kaltetutako irakasleei helarazi diena ere”, azaldu du María Solana Geroa Baiko parlamentari eta Hezkuntza bozeramaileak.

    Egoera honakoa izanik, eta aipatutako konpromisoak beteko dituela esperoz, Navarra Sumak aurkeztutako lege proposamenean jasotakoari ere betekizuna ematen zaiola ulertzen dugu Geroa Bain, lege hori aintzat hartzeko eztabaida datorren ekainaren 24ko osoko bilkuran egingo delarik. “Bere garaian esan genuen Departamentuak Geroa Baik eskatutako norabidean aurrerapausoak ematen bazituen, ez zela beharrezkoa izango legeari helegitea jartzerik”, azaldu du Solanak, aldi berean “kontseilariaren zuzenketa hau” modu positiboan baloratuz, eta honakoa Programa Akordioa betetzeko jarrera aldaketa izatea espero du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko