Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketei buruz galdetu dio Geroa Baik Hezkuntza Departamentuari
Epe, jarraibide, irakaslegoaren errefortzu edo azterketa telematikoak egiteko aukerari buruzko aurreikuspenak ezagutu nahi ditu parlamentu taldeak
Geroa Bairen parlamentu taldeak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari zuzenduriko galdera sorta bat erregistratu du, Foru Exekutiboak Nafarroako Hizkuntza Eskolan egiteke dauden azterketen inguruan dituen aurreikuspenak ezagutzeko helburuarekin
Hezkuntza Departamentuak ziurtagiria ematen duten azterketak irailera atzeratzea planteatzen duen ezagutu nahi du koalizioak, Hizkuntza Eskola Ofizialetik beretik ziurtatu dutenaren arabera, egungo egoeran azterketa egingo duten pertsona guztien osasuna bermatzeko planifikazio egokirik egiteko ez baitute denborarik izan.
Azterketa horiek maiatza eta ekaina bitartean egiteko Departamentuak hasiera batean agertutako asmoak aurrera jarraitzekotan, Geroa Bairen parlamentu taldeak gainera jakin nahi du Hizkuntza Eskolako arduradunei segurtasun protokolorik erraztuko zaion, bai eta hori ezartzeko baliabide guztiak ere.
Zentzu honetan, Geroa Baik gogorarazi duenez, Hezkuntza Departamentuak, bere jarraibideetan ahozko azterketak modu telematikoan egiteko aukera ahalbidetu du, eta Nafarroako HEO-etako ikasleen artean dagoen kasuistika zabala ikusita, direla bizilekua, adina, egoera sozioekonomikoa eta beste hainbat aspektu gehiago, segurtasunagatik haien etxeetan geratu eta azterketa modu telematikoan egiteko aukera hartuko luketen baina hala egiteko baliabide egokiak ez dituztenek hala egin ahal izatea bermatzeko Foru Exekutiboak duen aurreikuspenari buruz galdetu du parlamentu taldeak, bai eta egungo pandemia egoeran, osasun-ahulezia berezia edo senitartekoren bat zaintzeko beharra direla eta, azterketa egiteko egokituriko tokira joateko ezintasuna duten ikasleen azterketarako eskubidea bermatzeko neurriei buruz ere galdegin du.
Hezkuntza Departamentuak ziurtagiria ematen duten azterketak egiteko ikasleek prestakuntza nahikoa duten iritzi ote duen jakin nahi du ere koalizioak, egungo egoeraz gain aurten sartutako ebaluazio-trebetasun berria kontuan hartuz, idatzizko eta ahozko bitartekotza alegia, azken hau ezin izan baitute ikasleek behar bezala garatu. Horretaz gain, ebaluazio jarraiaren bitartez ematen den promozioaren irizpideak zeintzuk izango direnaren inguruan zalantza handiak daude bai irakasleen bai eta ikasleen aldetik ere.
Azkenik, Geroa Baik azpimarratu duenez, pasa den astelehenean igorritako jarraibideetan, errepikapenak salbuespena izan beharko luke, horretarako justifikazioa Departamentuko Inspekzio sekziora zuzenduriko motibaziodun txosten baten bitartez egin beharko delarik, eta Hezkuntza Departamentuari galdegin dio irakasleei derrigorrezko irakaskuntzetako ikasleentzako eskatzen zaien modu berean justifikatu beharko ote dituzten errepikapenak Nafarroako HEO-etako irakasleek.
Jabi Arakama