Itzuli

Hondakinen Legeak ingurumen alorrean eta klima aldaketaren aurkako borrokan duen garrantzia azpimarratu du Hualdek

Laukoak hamahiru zuzenketa adostu ditu Hondakinen foru legea aurrera ateratzeko

    Unai Hualde Unai Hualde

    Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak Hondakinen eta bere Zergen Foru Legeari hamahiru zuzenketa aurkeztea adostu dute, Nafarroako Gobernuak lege hori Parlamentura bidali ondoren eta laukoaren babesarekin aurrera aterako dena, oposizioko zenbait alderdik agertu duten aurkako jarreraren aurrean.

    Gobernua sustengatzen duten lau indarretako ordezkariek astearte honetan aurkeztu dute Hondakinen lege proiektuari zuzenketak egiteko akordioa, “foru Komunitateko ingurumen politikarako berebiziko garrantzia duen testua baita eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromiso tinkoaren adierazgarri”.

    Laukoak aurkeztutako zuzenketak Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren zenbait aspektu zehaztea dute helburu, hondakin alorrean zerbitzuen kudeaketaren koordinazioa izango delarik bere betebeharra, “toki erakundeek dituzten eskumenak zeharo errespetatuz”.

    Gainera, erakunde publiko horretan toki erakundeek gehiengoa edukitzea bermatuko da, orain arte Nafarroako Gobernuak Hondakinen Kontsortzioan zuen gehiengoaren aurrean.

    Era berean, laukoak xedapen bat gehitzea aurreikusten du, hondakinen kudeaketarako instalazioak dituzten herriek edo berriak sortzen dituzten herriek kalteordainak jaso ahal izateko “interes orokorrari aportazio” kontzeptu moduan, bai eta “emandako ingurumen zerbitzuaren ordainean”.

    Beste aldaketa bat sartuko da ere Nafarroako Gobernuak ikerketa teknikoak, frogapen esperientziak eta depositu, itzultze eta bererabiltzerako pilotu proiektuen burutzea sustatzeko.

    Bestalde, hamahiru zuzenketa paketearen zati ez den arren, parlamentuko debatean beste aldaketa bat sar dezake laukoak, etxebizitzetako hondakinetan zergaren ezarpena modu progresiboan egiteko. Gobernuaren aurreikuspenen arabera kanon hau 2018ko uztailaren 1etik aurrera jarriko zen martxan eta orain modu progresiboan egitea ikertzen ari dira.

    Hala ere, laukoak adostu duena da “etxebizitzetako hondakinen zergaren bidez lortzen den guztia toki erakundeen artean banatuko dela”.

    Akordioaren aurkezpenean, Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariak esan du “UPNren aldetik alor honetan ere porrot herentzia jaso ondoren, auzitegiek bertan behera utzitako hondakin plan batekin eta egoera konpontzeko Europaren premiarekin, 2015eko udatik lanean legegintzaldi honetan gai izan gara hondakin plan bat eta lege proiektu bat oso modu parte hartzailean adosteko”.

    Zentzu honetan Hualdek nabarmendu du legearen gaineko laukoaren akordioak frogatzen duela “zenbait alderdi politikotan gaur egun bizi dituzten tirabirak direnak direla ere, lauko hau gai da lanean jarraitzeko eta Parlamentuan akordioetara iristen jarraitzeko, legeak egiten jarraituz eta programa akordioa garatzen jarraituz”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko