Itzuli

Hualdek azpimarratu du memoriaren berreskurapenari begira historiak ezagutzearen eta ibilbideak aitortzearen garrantzia, "isiltasun-urte gehiegi"ren ondoren

Nafarroako Parlamentuan "Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela. Osasuna y Justicia" liburua aurkeztu da

    Unai Hualde Unai Hualde

    Nafarroako Parlamentuan Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela. Osasuna y Justicia liburuaren aurkezpena egin da. Elkarlaneko saiakera bat da, Eduardo Martínez Lacabe historialariaren eta Osasuna Memoriaren eskutik kontatzen duena zortzi urtez Osasunako lehendakari izan ondoren 1936an estatu-kolpearen aurkako bere jarrerarengatik fusilatua izan zen horren historia.

     

    Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen esanetan, Eduardo Martinezek sinaturiko liburu horrek justizia egiten dio pertsona "konprometitu, jendekoi, ospedun eta sentsibilitate politikodun" bati. "Horregatik erail zuten. Gaurkoa egun garrantzitsua da Cayuela familiarentzat, baina baita gure memoria berreskuratzearen langintzarentzat ere. Urte gehiegiko isiltasuna, pixkanaka apurtzen ari garena; eta horretan datza honakoa bezalako argitalpenen garrantzia, historiak ezagutzeko eta ibilbideak aitortzeko pentsatuta daudenez gero".

     

    Testuinguru horretan, eta Natalio Cayuelaren nortasuna iruzkingai hartu ondoren –besteak beste, garai hartan Parlamentuaren gaur egungo egoitzan kokatuta zegoen Probintzia Auzitegiko idazkari izan zen–, Hualdek balioan jarri du Gobernua eta Parlamentua "Nafarroako Memoriaren Institutuarekin eta NUPekin batera joan den legegintzalditik egiten aritu diren lana", eta hortxe kokatu du Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa.

     

    Horri buruz, lehendakariak aitortu du: "erakundeok berandu bildu gara duela urte asko gizarte zibilak eta erailen eta errepresaliatuen ahaideek abian jarritako memoria-berreskurapeneko langintzara. Egia da omenaldi asko berandu iritsi direla, baina oraintxe bertan ezin ukatuzkoa da egiarekin, justiziarekin eta indarkeriaren biktima guztientzako erreparazioarekin dugun konpromisoa".

     

    Unai Hualdek amaitu du Enrique Cayuelak izandako "zorte"ari buruzko aipamen bat eginez; hots, bere burua salbatu zuen anaia, autobus-geltoki zaharreko erlojuko txoko batean ezkutaturik. Halaber, lanaren egileari eta Osasunaren Memoria kolektiboari bere esker ona adierazi die, egoera ekonomikoaren eta kirol-jardunaren goraldi honetan C.A. Osasunaren mendeurrenaren ospakizunari egin dioten ekarpen ukaezinagatik. Bete-betean asmatzen da arrakastaz gozatzearekin batera aitorpena erakutsiz beren ideia politikoengatik erailak izan ziren klubaren fundatzaileekiko. Oharturik nago liburua jadanik iritsi dela Txilera. Espero dut beste toki askotara ere iristea".

    Izena eman gure buletina jasotzeko