Itzuli

Hualdek ekonomia soziala Nafarroako motor ekonomikotzat jo du, eta ikastolen lana nabarmendu du, zerbitzu publikorako bokazio argia duten gizarte ekimeneko kooperatibak diren heinean

EdukaCoop ikaskuntza kooperatiboko proiektuaren II. sariak banatu dituzte Parlamentuan

    Unai Hualde Unai Hualde

    Nafarroako kooperatiba nagusien nahiz ikastetxeen ordezkariak eta zenbait agintari elkartu dira gaur Nafarroako Parlamentuan, ikaskuntza kooperatiboko EdukaCoop proiektuak deituta.

     

    Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak eta Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteak (ANEL) bultzatu dute ekimena. Haren xedea da kontzientziatzea eta Foru Komunitateko gazteen artean lankidetzako eredu ekonomiko hori sustatzea, etorkizuneko aukera bideragarri eta eraldatzaile gisa.

     

    Hala, xede horren ildotik, topaketak —Etorkizuneko kooperatibak sortzen diren tokia. Mundua eraldatzen duen gazteria goiburuarekin— Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Bigarren Hezkuntzako 250 ikasle baino gehiago bildu ditu Foru Gobernuaren egoitzan.

     

    Hasiera emateko solasaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Ekonomia Soziala “Nafarroako motor ekonomiko”tzat jo ondotik, lurralde garapen orekaturako duen garrantzia nabarmendu du. “Mundu globalizatuan bizi gara, eta multinazionalak gaur hemen daude, eta bihar auskalo. Horregatik, errotutako eredu ekonomikoak —kooperatibismoa, kasurako— funtsezkoak dira, eta erakundeen esparrutik haiek mimatzen saiatu behar gara”, gogoetatu da.

     

    Ildo beretik, Parlamentuko lehendakariak “pertsonak, demokrazia ekonomikoa eta jasangarritasuna —alegia, Ekonomia Sozialaren ezaugarriak— ardatz dituzten apustuak” eskatu ditu.

     

    Hala bada, ikastetxe kooperatiboen eta, batez ere, ikastolen, lana aldarrikatu du: “ekimen sozialeko kooperatibak, arras une labainetan bokazio publikoz euskara zaintzeko sortutakoak. Haiek aipatu nahi ditut, eta Parlamentu honetako taldeek kooperatibismoari agertzen diogun aho bateko babesarekin batera ekintzak eskatu”, adierazi du.

     

    Jarraian, Ignacio Ugalde, Tafalla Iron Foundry S. Coop.eko Giza Baliabideetako zuzendari eta ANELeko presidentea, pozik agertu da EdukaCoop proiektuarekin egiten ari diren lana “lehen emaitzak izaten ari delakoz. Ilusioz eta itxaropenez ikusten dugu belaunaldi berriek egunez egun bat egiten dutela Nafarroan dagoeneko 150.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen ekosistema kooperatibo baten olatu handiarekin”, nabarmendu du.

     

    Ugalderen idurikoz, belaunaldi berriak batzeak “kooperatiben komunitateak lurraldeari emandako onura izugarriak” areagotuko ditu, hura osatzen duten bazkideen kooperatibak honako arlo hauetakoak baitira, besteak beste: industria, zerbitzuak, nekazaritzako elikagaien alorra, irakaskuntza, garraioa, mikrokooperatibak, kreditu kooperatibak, kontsumitzaile eta erabiltzaileenak edo gizarte ekimenekoak. “Konfiantzazko sare oso bat da, 1.600 kooperatibak baino gehiagok osatua, eta haren bolumen ekonomikoa Nafarroako BPGaren % 20 da. Halaber, beren lan isilaren bitartez gaur egun dugun ongizate-, garapen- eta hazkunde-maila ziurtatzen eta bermatzen dute”, azpimarratu du.

     

    Horregatik, garapen ekonomiko eta sozialerako motor horri etorkizunean eutsiko bazaio, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako (LH) eskola planetan eredu kooperatiboa ikastea sartzeko eskatu du ANELeko presidenteak, “bidezkoa delakoz, gizarte berdinzale eta askotarikoagoa eraikitzen laguntzen baitu”.

     

    Ugalderen esanetan, “kooperatibismoa mugimendu unibertsala da, gainera, Nazio Batuen Erakundeak berak hala aitortua, eta nabarmentzen da garapen jasangarrian, pobrezia deuseztatzen eta gizarteratzean betetzen duen zeregin erabakigarriagatik. Nafarroako belaunaldi gazteenei ezagutza hori ukatzeko arrazoirik ez dago, beraz”, esan du.

    Izena eman gure buletina jasotzeko