Itxaron-zerrenden murriztea bide onetik doala ziurtatu du Dominguezek
Fernando Domínguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, itxaron-zerrendak murrizteko "bide onetik goaz" eta "egoerak hobetzen jarraituko du, eta hori albiste ona da".
Kontrolerako Osoko Bilkuran UPNk egindako interpelazio bati erantzunez, Dominguezek esan du hobekuntza horrekin pazienteak "arinago" artatzen dituztela, "profesionalak gusturago daudela, eta horrek osasun publikoaren inplikazio ikaragarria erakusten" duela. “Eta guk, departamentuan, pazienteak eta profesionalak ondo badaude, ezin dugu gure ahaleginagatik eta kezkengatik sari hoberik izan".
Kontseilariak ziurtatu duenez, "jakitun gara irisgarritasunaren inguruan dugun arazoaz, neurriak hartu behar direla dakigun bezala, eta dagoeneko hainbat ekintza ditugu ezartzen joateko".
Fernando Domínguezek adierazi duenez, "itxaron-zerrenden konponbidea plan integral bat da, epe labur, ertain eta luzerako neurriak dituena. Epe laburrekoak martxan daude eta badakigu funtzionatzen dutela. Baldintzak ezin hobeak izateko konpromisoa berretsi nahi dut, hilean batez beste mila paziente gutxiago izatea lehen kontsultetako itxaron-zerrenda, eta horrela lortu dugu urrian eta azaroan, 1.300 eta 1.500 paziente gutxiago baitaude lehen kontsulta baten zain, hurrenez hurren", berretsi du.
Kontseilariak adierazi duenez, "formula ez da magikoa, lanarekin eta konpromisoarekin, tartean dauden profesional guztiei eta aldaketa gidatzen ari diren kudeatzaileei esker, gauzatzen ari diren neurriak dira".
Gainera, Fernando Domínguezek nabarmendu duenez, Osasun departamentua "profesionalekin buru-belarri ari da lanean ospitaleen arteko koordinazio hobea egiteko, zuzendaritza eta teknikari talde ezberdinak garatzeko eta, horien ondorioz, itxaronaldiak laburtuko dituzten, Lehen Mailako Arretaren eta ospitaleko arretaren arteko komunikazioa hobetuko duten edo asistentzia-zirkuitu eta -metodo berriak landuko dituzten formula eta lan-eredu berriak sortzeko. Tele dermatologia adibidez, laster Nafarroako errealitatea izango da; izan ere, sei zentro lanean ari dira formula honekin eta erantzun-denbora gehienez ere 72 ordukoa da".
Larrialdietako zerbitzuen egoerari buruz, Fernando Dominguezek esan du "ohikoa den bezala, neguan gainkarga bat jasaten ari direla, eta, horren ondorioz, paziente batzuek denbora gehiago itxaron behar izaten dutela". Hala ere, nabarmendu duenez, "ia 80 profesional kontratatu dira, eta 56 ohe ireki Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, larrialdietan ospitaleratzea eskatzen duten asistentziei eta programatutako jarduera kirurgikoari euskarria emateko, itxaron-zerrendak murrizten jarraitzeko".
Isabel Aranburuk (Geroa Bai) baloratu duenez, "departamentua kudeatzen duen taldearen plana funtzionatzen ari da eta egoera iraultzen hasi da, onartezintzat jotzen baitute guztiek". "Erabiltzaileek eta profesionalek zuzendu beharreko gauzarik hurbilena da, zalantzarik gabe. Murriztu, itxarote-zerrendak ezabatu ezean, edo Lehen Mailako Arreta oinarrizko arreta-maila gisa duen potentzial guztia garatu, horiek izan behar dute legegintzaldi honetako helburu lehenetsia".