Itzuli

Izadi Gutierrez adin txikikoak bere gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatu dadin eskatu du geroa baik

Koalizioak ekimen bat bultzatu du Nafarroako Parlamentuan, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrarekin batera

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Izadi Gutierrez Lizarragak bere gurasoekin, María Lizarraga (Burlatarra) eta Iñigo Gutierrez (Algortarra) presoekin alegia, egoteko duen eskubidea bermatu dadin eskatu du Geroa Baik. Koalizioak, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrarekin batera, ekimen bat bultzatu du Nafarroako Parlamentuan, datorren osoko bilkuran eztabaidatuko delarik hori.

    Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “Izadi 2019ko urtarrilean Valentzian jaio zen eta ordutik hona espetxean bizi izan da, lehenik Picassenteko amen moduluan eta gaur egun Aranjuezeko espetxean, bere gurasoekin batera”. “Datorren urtarrilaren 21ean 3 urte beteko ditu eta espetxea utzi beharko du, bertan bere ama eta aita egoten jarraituko dutelarik, eta banaketa hau zaila izateaz gain traumatikoa ere izango dela agerikoa izanik”, nabarmendu du.

    “Izadi Gutierrez Lizarraga kasuan dauden inguruabar humanitarioen aurrean eta edozein atxiloketa eta espetxeratze moduen menpe dauden pertsona guztien babeserako Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Mandatariak emandako printzipio guztiei erreparatuz, bai eta 1989ko haurren eskubideen konbentzioan jasotakoa kontuan izanik ere, Nafarroako Parlamentuak adin txikiko honek duen egoeraren gaineko kezka ager dezan eskatzen dugu, bai eta bere gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatu dadin ere, posible den heinean haiekin bizitzea ahalbidetuz, bere senide artetik aldendu gabe”, azaldu du Arakama parlamentariak.

    Aurkeztutako ekimenean gainera, “Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagisiak adin txikikoaren eskubideak modu egokienean bermatzeko neurriak har ditzan” proposatu dute parlamentu taldeek, bai eta “bere senitartekoekin eta gurasoekin harremana edukitzea ahalbidetu diezaioten, gurasoak haien etxeetatik hurbilen dauden espetxeetara tokialdatzea baimenduz”.

    Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “Burlatako Udalak ekimen bat onartu zuen ekainaren 24an jada, adin txikikoaren eskubideen defentsaren ildo berean”,eta era berean ziurtatu duenez, “askotan agertu da Nafarroako Parlamentua presoak haien jaioterri edo bizitokitik gertuko espetxeetara hurbiltzearen alde”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko