Jaioberriei ongietorria egiteko ekitaldia udalbatza aretoan izatea eskatu dio Eguesibarreko Geroa Baik gobernu taldeari
Ekitaldi hau berriro ere azaroaren 20 egitea eskatu du gainera koalizioak, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean alegia
Azken urtean Eguesibarren jaiotako haurrei ongietorria egiteko ekitaldia, azaroaren 20an ospatzen den Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan hasi zen egiten.
Geroa Bairen udal taldeak antzeman duenez, “urteek aurrera egin ahala ospakizun honen zentzua galtzen joan da”. “Horrela, Udalak bere bizilagun berriei egiten dien harrera ofiziala izan ordez, haurtxoei zapiak emateko ekitaldi hutsa izatera pasa da”, deitoratu du koalizioak.
Gainera, Geroa Baik azaldu duenez, “haurtzaroaren asteko ekitaldi programaren arabera, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren ekitaldi nagusiak azaroaren 17an egingo dira, berezko eguna den 20an egin ordez”. “Norbaitek imajinatzen al du Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusiak azaroaren 25ean egin ordez azaroaren 22an egingo balira?”, galdegin dute koaliziotik.
Halaber, ekitaldiaren kokaleku aldaketa deitoratu du Geroa Baik, “Udalbatza Aretoan egitetik, kalean edo, eguraldi txarra izatekotan Familien Arretarako Zentroko karpan egitera pasa baita”. “Azaro betean urtebete baino gutxiagoko haurtxoak egurats gorrian eduki nahi dituzte” kritikatu du Eguesibarreko Geroa Baik. Horregatik guztiagatik, “bizilagun berriei egiten zaien harrera udalbatza aretoan egitera” premiatu dute koalizioko bi zinegotziek. “Ekitaldia berez harrera instituzional bat da, eta hala den heinean, leku egoki batean ospatzea merezi du”, amaitu du adieraziz udal taldeak.