Itzuli

Klimaren aldeko borrokak herri eta hiri ertainetan bizi baldintzak hobetzea behar duela iritzi du Koldo Martínezek

Zentzu horretan biztanleria ertaineko herriguneak mesedetzeko Nafarroako Gobernuaren politika gogorarazi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak hiri ertain eta herrien defentsa egin du Senatuan, klima aldaketaren aurkako esfortzuak hiri handietan bakarrik jartzeko joeraren aurrean.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, hiriak dira mundu mailan negutegi efektuko gas isurketen %70 baino gehiagoren arduradunak, aldi berean lurreko azaleraren %2 baino besterik ez direlarik. Eta modu positiboan baloratu ditu herrigune handietan neutraltasun klimatikoan aurrera egiteko esfortzuak, baina biztanleria sakabanatzeko ere lan egin beharra dagoela iritzi du, landa eremuari aukera gehiago emanez eta herrietan edo hiri ertainetan bizitzea erakargarriago eginez.

    “Biztanleria hirietan kontzentratzeko joera bat dago, datozen hamarkadetan are eta gehiago larrituko dena, eta horrek poluzioa areagotzea eta landa eremuaren desertizazioa ekarriko du”, salatu du Geroa Baiko senatariak. Zentzu honetan, Koldo Martínezek azpimarratu duenez “beharrezkoa da Next Generation Europako funtsen helburu izango diren bizitza guneen eraldaketarako baliabideen zati bat, hirietara bakarri bideratu ordez lurraldearen antolamendu jasangarriago bat sustatzeko erabiltzea ere, bizi baldintza hobeek herrigune txikiagoetan bizitzea erakargarriago egiteko, herri erosoago eta inklusiboago bihurtuz. “Ez dugu lurralde hutsik nahi, modu arrazionalean okupaturiko lurraldeak nahi ditugu eta naturarekin elkartasunean. Bizikidetza espazio hurbilagoak nahi ditugu, bizitzeko egokiagoak, atseginagoak. Herri populatuagoak eta masifikazio gutxiagoko hiriak nahi ditugu”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.

    Neutraltasun klimatikoari buruz Senatuan egin den eztabaidan, José Mari Aierdi buru duen Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen departamentuaren politika gogorarazi du Koldo Martínezek, hiri ertain deritzotenen zerbitzuak sendotzeari dagokionez, hots Lizarra, Tafalla, Zangoza, Altsasu edo Agoitz bezalako udalerrietan, Pirinioekin lotzeko nodo moduan. Eta baita ere, biztanle gehiagorekin baina, Tutera.

    “Hiri ertainen sendotzea da, ziurrenik, Lurraldearen Antolamenduak aurre egin beharreko erronka handienetako bat eta klima aldaketan eragin zuzena du horrek. Hiri ertainetako zerbitzuak hobetzen baditugu, ospitaleak edo kultura eskaintza deszentralizatuz, udalerrien arteko mugikortasuna hobetuz eta abar, landa eremuetako bizi kalitatea hobetzen lagunduko dugu, baita ere herri txikienena, haietatik hurbil oinarrizko zerbitzuak edukiko dituztelako hiriburuetara mugitzeko beharrik gabe, eta horietan bizitzea erakargarriagoa izango da. Dotazio egokiak dituzten landa eremuak gainera, gazteentzako toki erakargarriak izan daitezke”, nabarmendu du Koldo Martínezek Senatuan.

    “Klima aldaketaren eraginen aurkako borrokak hiriak beste modu batean diseinatzea behar du, zalantzarik gabe, baina esfortzuak hirietan bakarrik jartzen baditugu, espazio oso dentsifikatuak, oso zentralizatzaileak eta gizatasun gutxikoak loditzen jarraituko dugu”, gogorarazi du Geroa Baiko senatariak. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko