Itzuli

Koldo Martínez: “Geroa Baik ez du garapen ekonomikoa garapen sozialik gabe ulertzen”

Historiako zorrik handiena prekariotasun handienarekin gazteek bere gain hartzea ekiditeko krisialditik irteteko modu bat defendatu du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak ekonomia zirkularraren defentsa sutsua egin du Goi Ganberan, bai eta garapen ekonomikoa garapen sozialari lotzearen beharrarena ere. “Geroa Baitik proposatzen dugun eredu aldaketak, garapen ekonomikoa garapen soziala lortzeko bide moduan ulertzea eskatzen du”, azpimarratu du Koldo Martínezek Alderdi Popularrarekin oso kritiko agertu den bere hizketaldian, Gobernu zentralak NBEko Garapen Jasangarrirako Helburuen hedatzean inplikazio gehiago eduki dezan eskatzen baitzuen PPk.

    “2008ko krisialdiaren desastreari irteera emateko zuek austeritate politikak bultzatu zenituzten zerga beherakadekin eta erabakiak merkatuen eskutan utzi zenituzten, inbertsio publikoaren beherakada BPGean eta garapen ekonomikoan ia nabarituko ez zela premisatzat hartuz. Horren emaitza erabateko desastrea izan zen: klase ertain eta baxuen txirotzea, prekariotasuna eta gazteentzako soldata ez-duinak, espektatiben eta “igogailu sozialaren” etengabeko galera. “Desberdintasun gehiago eta parekidetasun gutxiago mundu garatuan”, aurpegiratu dio PPri Geroa Baiko senatariak.

    “Nafarroan austeritate politika haiek desberdintasun gehiago ekartzeaz gain, foru kontuen defizit kronikoa ekarri zuten ere, biderkatuz zihoan zorpetzea eta armiarma sarez josia amaitu zuen diru-kutxa bat. Uxue Barkos buru izandako 2015eko gobernuak lehen pertsonan frogatu zuen “jasangarritasunari egiten zaion erasorik handiena gizarte desberdintasunak direla hain zuzen ere”, eta lehenik aurrekoengandik jasotako kontuen oreka bilatu behar zela parekidetasuna bilatzeko”, ziurtatu du Koldo Martínezek.

    Munizipalismoa eta jasangarritasuna

    Geroa Bairen senatariak Nafarroako udalek jasangarritasun politikak ezartzeko duten gaitasuna goraipatu du, eraginkortasun energetikoa, hobekuntza sozialak eta ingurumenaren hobetzea bilatuz. “Geroa Bain modu berezian identifikatzen dugu gure burua Nafarroako munizipalismoarekin, urte luzez baitabil bere gobernantzan Garapen Jasangarrirako printzipioen alde eginez eta horiek ezarriz. Ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera aldaketa modu aitzindarian laguntzen ari duen munizipalismoa alegia, herritarren ongizatearengan eragina duten tokiko eta eskualdeetako zerbitzu publikoetan erabaki garrantzitsuak hartzeko arduradunak baitira, bai eta hazkunde ekonomikoari eta ingurumenari dagokienez ere”, ziurtatu du Koldo Martínezek.

    Nafarroako senatari autonomikoaren aburuz “PPren austeritate politikek sufrimendu ikaragarria eragin dute eta egungo gazteen belaunaldiak eta baliabide gutxiko edo lan merkatutik kanporatutako jende askok gaur egun gaizki pasatzea eragin dute. Lan prekariotasunari agur esateko ordua iritsi da, desberdintasun sozialak murrizteko beharrezkoak diren aldaketak egiteko ordua”. Hildo honetan, Koldo Martínezek gogorarazi duenez, “Europako Banku Zentraleko presidente izandako Mario Dragik orain aste batzuk esan zuen ezin diegula etorkizuneko gazteei historiako zorrik handiena prekariotasun handienarekin utzi. “Gazte bati etorkizuna kentzea desberdintasun modurik larrienetako bat da”. Eta, hain zuzen ere, hori onartezina da”.

    Koldo Martínezek PPko eserlekuetara zuzenduz amaitu du bere hizketaldia, azpimarratuz ez dela “merkatua izango gu salbatuko gaituena. Frogaturik geratu da ez duela nahi ez eta ezin duela ere. Merkatuak beste interes batzuei erantzuten die. Botere publikoak dira eginkizun horri ekin behar diotenak, bere eginkizuna baita biltzen dituzten baliabideak modu solidarioan banatzea eta zaurgarrienak salbatzea”.


     

    Izena eman gure buletina jasotzeko