Itzuli

Koldo Martínezek irabaziak barne hartuko dituen errenten itun bat eskatu du Senatuan

Erabakien hartzean langileen partaidetza ere mesedetuko duen ituna nahi du

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Sánchezen Gobernuak sindikatuak eta patronala mahai berean esertzeko beharra defendatu du gaur Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Goi Ganberaren osoko bilkuran, bai eta enpresen irabaziak ere barne hartuko dituen errenten itun baten buruan jar dadila ere, horrela irabazien banaketa parekideagoa eta zuzenagoa izan dadin eta salneurrien gorakadak modu serioan kaltetu dituen klase ertain eta langileen erosahalmena berreskuratu dadin ere. Era berean, langileek haien enpresen erabakietan duten partaidetzan mesedetzeko prozesuak exekutibo zentraletik bultzatu daitezen eskatu du.

    Koldo Martínezek gogorarazi duenez, salneurrien gorakadak eragiten ari dituen desparekotasunei aurre egiteko orduan Gobernu zentralaren inplikazioa handiagoa izatea denbora luzez darama eskatzen Geroa Baik, gorakada hori ez baitago soldaten igoerarekin bat. “Sistema ekonomiko zuzenagoa, orekatuagoa, gorantza doazen desparekotasunei aurre egingo diena sortzeko beharraren gainean ohartarazten bi urte daramatzagu Geroa Baitik, eta udaberria gertu dugun honetan badirudi gure proposamenarentzako ere udaberria iristear dagoela”, azpimarratu du senatari autonomikoak Pedro Sánchez Gobernuko presidentearen azken adierazpenei so eginez, bai eta ekonomia alorreko bere ministroek esandakoari erreparatuz ere, enpresen irabaziak barne edukiko dituen errenten itun baten beharra dagoela aitortu baitute.

    “Egoera sozioekonomikoa -ziurtatu du Koldo Martínezek- dramatikoa da, batzuek hori makillatzen tematurik egon arren. Eta CEOEko presidentearen soldata zalantzan jartzearekin ez da aski, baina egin beharra dago ere. Ezin dugu atzamarra begiratu ilargia zurbiltzen ari denean. Ekintzara jo beharra dago eta lehenbailehen ekin”.

    Koldo Martínezen aburuz “Gobernuak sindikatuak eta patronala lehenbailehen deitu behar ditu, ezin du gehiago itxaron. Familiek gaizki pasatzen ari baitute eta ezin baita egunero gorantza doan erosahalmenaren galeraren arazoari konponbidea gehiago atzeratu. Kapitala jartzen duenak bere dirua arriskatzen du, baina lana jartzen duenak bere bizitza eta osasuna askotan arriskatzen ditu eta horren trukeko ordainsari zuzena behar du eta soldatek oinarrizko produktuen salneurrien gorakadarekin bat igo beharko dute ere”.

    Koldo Martínezek azpimarratu duenez, “egunero, mundu osoko aditu gehiagok ziurtatzen dute soldatak enpresen irabaziekin lotzen badira ekoizpenak gora egiten duela, tarta kapitalaren eta lanaren artean modu orekatuan banatzen bada, antolakundeko kide guztiek amankomuneko helburu batekin lan egiten duten modu batekin, enpresaren engranajeak hobe koipeztatzen direla eta balio gehiago lortzen dela, horrek bi aldeen onurarako eginez: enpresarien alde eta langileen alde”.

    Era berean, egunotan energia enpresen eta bankuen irabazien inguruan egindako iragarpena aipatu du Geroa Baiko senatariak. “Zuzendaritza karguetan daudenen irabazi eta soldaten igoera ikaragarria eta enpresa berberetan lan egiten duten langileen soldaten bilakaera aldi berean izatea zakarki eskandalagarria da. Ez da bidezkoa Espainiako banka Europan aurrezpena saritzen ez duen bakarra izatea, bien bitartean kredituek egunero gora egiten dutenean eta gainera bere zuzendariek, soldata astronomikoak dituzten horiek, gero eta urriagoak diren langileak zapaltzen aritzea lehen asko ere jende gehiagorekin egiten zen lana burutzea eskatuz”.

    Enpresetan langileen partaidetza

    Enpresen erabakietan langileen partaidetza bultzatzera bideratu ere Koldo Martínezek bere mintzaldia, eta Nafarroa jarri du adibide moduan, bertan ekonomia sozialaren enpresek eta kooperatibek presentzia sendoa baitute. “Ikerketek frogatzen dute enpresetan langileei ahotsa ematen zaienean, emaitzak ere hobetu egiten direla”.

    Geroa Baiko senatariak amaitzeko nabarmendu duenez, “behar-beharrezkoa da ereduz aldatzea, botere publikoek herritarra ‘sehaskatik hilobiraino’ zaindu behar dutenaren ideiari eusteko Ongizate Estatua eraiki zuen Europako ikuspegitik gai ez bagara, belaunaldi baten zati handi bat bere gurasoak baino okerrago bizitzea ekiditeko errotiko aldaketak egiteko gai ez bagara, populistak izango dira boterea hartuko dutenak eta historiagatik badakigu horrek gure aitona-amonen Europan eragin zuen mina, suntsipena eta heriotza”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko