Koldo Martínezek klase politikoari zentzuz joka dezan eskatu dio demagogiaren eta fanatismoaren aurrean pandemiari aurre egiteko
“Gugatik, politikariongatik, lotsa sentitzen dut, bai eta iraina erabiltzeagatik ere adostasuna beharrezkoagoa den une honetan”, adierazi du senatari autonomikoak
“Nik lotsa sentitzen dut, gu guztiongatik”. Hitz hauekin agertu du Senatuan Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak Covid-19a dela eta alderdien jarrerak eragiten dion gaitzespena. Geroa Baiko senatariak, bai Kongresuan bai eta Goi Ganberan ere egunero gertatzen diren irainak eta liskarrak arbuiatu ditu eta krisialdi une hauetan zentzuz jokatzera premiatu du.
Covid-19aren hildako eta kutsatuen zifrak eta pandemiaren ondorio ekonomikoak gogorarazi ondoren, egoera honek urteak iraun ditzakeela ohartarazi du Geroa Baiko senatariak. “Eta, bien bitartean, Kongresuan eta Senatuan politikariok gure artean irainean dihardugu”. Nik lotsa sentitzen dut gu guztiongatik. Gobernuek fede txarrez jokatzen dutela salatzen dute oposizioek , horretarako informazio okerrak eta gezurrak erabiliz”.
“Guztion ardura da -jarraitu du Koldo Martínezek- ustez uniformeak diren ezker eta eskuineko, aurrerakoi eta kontserbadore posizioetan dauden blokeen arteko gerretatik ihes egitea. Erlijio gerren oso antzekoa den zerbait, ez hura bezain biolentoa, baina bai hura bezain intolerantea. Eta politikagintzaren erabilera okerra birbideratuko duen zentzutasun politiko, etiko eta moralaren eredu bat eskaini behar dugu, bestela jardun politikoaren beraren sinesgarritasuna hondatuko dugu, bai eta gurea bera ere politikari garen heinean, eta hausnarketa arduratsutik irain pertsonaletara desbideratzen gaituelako, posible den demokraziatik demagogiara, intolerantziara eta fanatismora”.
Koldo Martínez