Koldo Martínezek zehaztasun handiagoa eskatu du ‘bai bakarrik da bai” legean desgaitasuna duten emakumeenganako sexu indarkeria kasuetan
Geroa Baik zuzenketak aurkeztu ditu, antzutze behartua eta abortu hertsatzailea sexu indarkeria moduan “modu espezifikoan” jaso ditzan legeak
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Goi Ganberan izandako ‘bai bakarrik da bai’ legearen eztabaidaren baitan, “zehaztasun handiagoa” eskatu du desgaitasuna duten emakumeekiko sexu indarkeria kasuetan.
Martínezek Nagore Laffage eta ‘La Manadaren’ biktima gogoraraziz hasi du bere mintzaldia, “eta haiekin batera, sexu indarkeriaren biktima diren emakume guzti guztiak ere”.
“Lege honen jatorrian etika sexual berri bat lortzeko gizartearen eskakizun maioritarioa dugu. Haien sexualitatea askatasunez bizi nahi duten emakumeen aldetik dugun eskakizuna, Focaultek zioen moduan ‘sexualitatea gure munduko askatasunaren zati’ baita. Eta etika sexual berri horren balore eratzaileen premian du jatorria, balore horien artean mutualitatea dagoelarik, eta hori onarpenetik baino askoz haratago dago”, adierazi du.
Martínezen arabera, “giza aniztasuna neurrigabea da, eta lege honetan, desgaitasuna duten emakumeak adibidez aipatzen direla egia izan arren, emakume kontzeptuaren eranskin moduan aipatzen dira ia”.
Zentzu honetan ziurtatu duenez, “desgaitasuna duten emakumeek hala izanagatik, eta pairatzen duten sexu indarkeriagatik ere, zerbait gehiago merezi dute, gure zuzenketetan proposatu dugun moduan, CERMI Mujeres erakundetik jasoak horietako asko, emakume eta neskatoekin batera eta haien alde egiten duten eguneroko lana eskertu nahi diedalarik hemendik”.
Geroa Baik Lege proiektuari aurkeztu dizkion 16 zuzenketetatik, hamalauk desgaitasuna duten emakumeenganako sexu indarkeriari erreparatzen diote.
ANTZUTZE BEHARTUAREN AURKA
Geroa Baik zuzenketak aurkeztu ditu, antzutze behartua eta abortu hertsatzailea sexu indarkeria moduan “modu espezifikoan” jaso ditzan legeak
“Ama izateko adimen desgaitasuna duten emakumeen ustezko arduragabekeria eta ezgaitasunean oinarrituz burutzen dira bi jardunbide hauek, ‘prebentziozko’ moduan haien borondatearen aurka antzutuz edo haien haurdunaldia etetera behartuz. Emakume hauen onarpen, ezagutza edo baimenik gabe burutzen dira interbentzio hauek, horrek funtsezkoenak diren haien eskubideak urratuz: askatasunerako, errespeturako eta integritate pertsonalerako eskubideak”, kritikatu du Martínezek.
Halaber, beste ekimen batzuen artean, lan eskubideak eta Gizarte Segurantza jorratzen diren legearen atalean proposamen berri bat egin du Geroa Baiko senatariak, horren arabera “sexu indarkeria pairatu duen pertsona bat bere lanpostura berriro itzultzen denean, lan kontratua eten zen unean zituen baldintza berberekin itzul dadila” proposatuz, “pairatutako indarkeriaren ondorioz jasan dezakeen desgaitasunaren arabera zehaztu daitezkeen arrazoizko doikuntzak bermatuz”.
Koldo Martínez