Kolonbian giza eskubideen urraketa gaitzetsi du Geroa Baik
Kolonbian Giza Eskubideen urraketa gaitzetsi du Geroa Baik eta zerga erreforma legearen aurkako mobilizazio baketsuen aurka indar armatuek jardundako bortizkeria olatua geldiarazteko deia egin du.
Geroa Bairen iritziz Kolonbiako agintariek manifestaldien jazarpenari amaiera jarri behar diote, hirien militarizazioarekin amaitu eta Giza Eskubideak errespeta daitezen bermatu, eta hauek politika publikoaren edozein proposamenen erdigunean egon daitezen, zerga erreforma barne.
Amnistia Internazionalak eskatu duen moduan, Kolonbiako agintariek “manifestatzaileen aurka erabilitako eta beharrezkoa ez zen gehiegizko bortizkeria salaketa guztiak modu azkar, independente eta inpartzialean ikertu behar dituzte, dozenaka hildako eta zauritu, atxiloketa arbitrarioak, tortura eta sexu indarkeria jarduerak eta desagertutako pertsonen salaketak egon baitira”.
Gure ustez, herritarren gehiengoak bidegabeak direla eta haien eskubideak arriskuan jartzen dituztela iritzi duten neurri ekonomikoek eragindako atsekabea ezin da bandalismo eta terrorismo moduan ulertu, Iván Duque presidenteak egin duen moduan. Geroa Bairen iritziz bide bakarra dago, akordioarena eta pertsona guztientzako Giza Eskubideekiko errespetuarena, nazioarteko komunitateak eskatu duen moduan.