Laukoak lege proposamen bat aurkeztu du tokiko hautesle taldeak zigortzen dituen hauteskunde gastuaren muga aldatzeko
Diputatuen Kongresuari zuzenduriko legeak muga hori egokitzea proposatzen du bai eta zigorrak proportzionalak izatea
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu Orain Bai eta Izquierda Ezkerra Parlamentu Taldeek Diputatuen Kongresuari zuzenduriko Lege Proposamen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan Hauteskunde Erregimen Orokorraren Legea eta Alderdi Politikoen Finantzaketa Legea modu puntualean aldatzeko. Tokiko hautesle taldeek pairatzen duten ezberdintasun egoera argia konpontzea da aldaketaren helburua, alde batetik biztanleko 0,11 euroko gastu muga zeharo motz geratzen delako, eta bestetik, ezin dutelako probintzia-osagarria jaso, barruti bakar batean aurkezten diren formakuntza politiko txikiek ez baitute hori jasotzen, eta gehienak dira horiek.
Kontuen Auzitegiak berak, 2015eko bere txostenean talde horiek gastu muga dela eta pairatzen duten ezberdintasun egoera agerian uzten zuen, eszenatoki horretan gainera kontutan hartu behar delarik taldeek hauteskunde gastu muga gainditzen dutenean aurre egin beharreko ondorio neurrigabeak. Neurrigabetasun horrek gutxienez 50.000 euroko isunak ekar ditzake muga %10ean gainditzen bada, egun indarrean dagoen Alderdien Finantzaketa Legearen arabera.
Bestalde, gastuaren mugak hauteskunde kanpaina minimo bat egitea ahalbidetzea bermatzea beharrezkoa da, edo gutxienez, gutunazalak eta hauteskunde propaganda zuzenean bidaltzea, eta hori jasoko diren hauteskunde diru-laguntzen kopuruaren araberakoa izatea.
Horretarako, Hauteskunde Legearen 193 artikulua aldatzea proposatzen da, barruti bakar batean aurkezten diren taldeen hauteskunde gastuaren muga 2.500 euro baino gutxiagokoa ez izateko, eta Alderdi Politikoen Finantzaketa Legearen 17.bis artikuluaren aldaketa, jarri beharreko gutxieneko isuna deuseztatuz.
Maiatzean Nafarroako Parlamentuak lan saio bat egin zuen Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkariekin, Batzorde hartan haien kezka agertu zutelarik Nafarroako 57 hautesle talderen egoera dela eta. Hainbat egunen ondoren Kontuen Auzitegiaren ebazpenak esan arren 2015eko kanpainan gastu muga gainditu zuten taldeei ez ziela isunik jarriko, hauteskunde gastuaren mugaren arazoa konpondu gabe jarraitzen du, eta horregatik, Nafarroako Udal eta Kontzejuak legea aldatzeko beharra berretsi zuen, orain proposamen hau aurkezten duten Ganberako lau taldeek bere egiten duten eskaera, egoera hau errotik konpontzeko nahia agertuz hain zuzen ere.