Legez kanpoko okupazio kasuak murrizteko Nafarroako etxebizitza politika aktiboak jarri ditu Koldo Martínezek adibide moduan
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Goi Ganberako osoko bilkuran PPren mozio bati erantzunez azpimarratu duenez, “alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko eskubidea errealitate bihurtzeko politika aktiboak dira legez kanpoko okupazioei amaiera emateko modurik hoberena, eta horren adibide dugu Nafarroa”.
“Ez diogu garrantzirik kentzen konplexua eta anitza den fenomeno honen garrantziari. Okupa guztiak ez dira berdinak, ez dute motibazio bera. Okupa profesionalak badaude, ondoren haien lapurretaren fruituak alokatzen, kakotxen artean, aritzen direnak. Beharrik ez duten okupak ere badaude. Ezin dute trataera berdina izan. Eta konponbide ezberdinak behar dituzte ere”, nabarmendu du Koldo Martínezek, okupazioaren aurkako neurri legalak areagotzeko PPk aurkeztu duen mozioaren eztabaidan.
Geroa Baiko senatariaren aburuz, “arazoa, maiuskulaz doana, ez da okupazioa. Okupazioaren arazoari konponbidea jartzeko badira neurri legalak jada. Nafarroan, adibidez, legez kanpoko okupazioak oso gutxi dira, eta hala da Uxue Barkos Geroa Baiko nire kidearen Gobernuak pasa den legegintzaldian, eta oraingoak, María Chivite buru duenak, Josemari Aierdi Geroa Baiko nire kide Etxebizitza karteraren buruan duelarik, politika aktiboen aldeko apustu tinko eta erabakia egin dutelako, etxebizitza lorgarria behar dutenentzako irtenbideak eskainiz”.
Geroa Baik etxebizitza alorrean erantzukizunak izan dituen Nafarroako azken bi exekutiboek egindako ekintzak aipatu ditu Koldo Martínezek, hots etxebizitza sozialak eraikitzeko bultzada sendoa, etxebizitza lortzeko eskubide subjektiboa bermatuz, gazteen emantzipaziorako laguntzak eta alokairu pribatua ordaintzeko dirudik ez duten familientzako laguntzak. Era berean, eta beste neurri askoren artean, hutsik dauden etxebizitzen errolda baten bitartez, hori izango delarik etxebizitza horiek mobilizatzeko eta bizitzeko benetan behar dutenei eskaintzeko tresna. “Eta, gainera -jarraitu du Martínezek-, babestutako etxebizitzaren desklasifikazioa ekiditeko gobernua sostengatzen dugun alderdiok aurkeztu dugun foru lege berri baten bitartez ere. Azken finean, neurri erreal eta eraginkorrak, PPk Madrilen egin duenaren erabat kontrakoa alegia, parke publikoa funts putreei salduz”.
“Hortaz, PPko jaun andreak – nabarmendu du Koldo Martínezek-, ez ezazue hatza begiratu ilargia erakusten ari denean. Okupazioak jada baditu guk ere gaitzesten ditugun egoera horiek konpontzeko bere neurriak, baina politikarioi konponbideak eskatzen zaizkigu eta Espainian etxebizitzarako eskubideak huts egin duen eskubidea da. Jar itzazue pilak, agintean zaudeten tokietan jardun zaitezte adorez etxebizitza alorrean eta bideratu itzazue baliabide publikoak horretara, orduan ikusiko duzue nola okupazioaren fenomeno honek behera egiten duen, Nafarroan gertatu den moduan”.
Geroa Baiko senatariak bere hizketaldia amaitzeko azpimarratu duenez, “PP herritarrak okupazioarekin kezkatzen aritzen den bitartean, gu denontzako etxebizitza eskubidea errealitate bihurtzen dihardugu”