Itzuli

Lehen sektorearen mobilizazio eta negoziazioengatik bere errespetua agertu du Geroa Baik eta Aierdi kontseilariaren lana babestu du

Koalizioak bere doluminak agertu ditu Barbate zendutako bi guardia zibilen heriotzagatik eta haien senitarteko eta lagunei bere elkartasuna helarazi die ere

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuko Geroa Bairen bozeramaileak, Barbaten ´narkotxalupa’ batek jo ondoren hildako bi guardia zibilak aipatu ditu. Azconak bere elkartasuna eta babesa agertu dizkie biktimen senitarteko eta lagunei. Hala ere, ohartarazi duenez “kasu honetan ministro bat erasotzeko PPren kanpainan ez gara sartuko, hori ez da Geroa Bairen agendan sartzen”. “Ez gara PPren adierazpenen atzetik jarraika joango, kasu honetan gainera adostasuna bilatu nahi zuen testu bati buruz ari bagara, eta PP zein UPNren taldeek, zatiren bat aldatuz, adostasunezko testu bat bilatzeko aukerari uko egin diote”. Halaber, gai honekin egin nahi den manipulazio politikoa salatu du ere.

    Lehen sektorearen mobilizazioei dagokienez, Nafarroa osoko nekazarien mobilizazioekin koalizioak lehen egunetik agertu duen errespetua adierazi du Geroa Bairen bozeramaileak. “Era berean, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko Departamentuaren bitartez, sektorearekin mantentzen ari dituen, eta mantendu ditzakeen negoziazioekiko gure errespetua agertu nahi dugu ere”, nabarmendu du.

    Halaber, José Mari Aierdi kontseilariari Geroa Bairen babesa helarazi nahi izan dio ere, kontseilariak “gainera sektorea oso ongi ezagutzen duela” gaineratuz, bai eta “haiekin akordioa lortzeko bere jarrera helarazi diela” azpimarratuz. Azconak gogorarazi duenez, Nafarroan lehen sektoreak duen papera sendotzea ahalbidetuko duen prozesu batean Nafarroako Gobernua inplikatzeko borondatea helarazi die Aierdik nekazariei. Bestalde, Azconak deitoratu du datorren Osoko bilkurarako eskuinek gai honi buruzko antzeko hiru mozio daramatzatela “transbertsala den mugimendu bat kapitalizatzeko euren saiakeran”.

    Halaber, Parlamentuko hurrengo Osoko bilkuran koalizioak EH Bildurekin batera aurkeztu duen mozioa aipatu du Geroa Baiko bozeramaileak. Mozio horrek Nafarroako Gobernuari eskatzen dio hiru aldeko mahai bat sor dezan hitzartutako hezkuntza sareari dagokion negoziazioari heltzeko eta bertan, Gobernuaz gain, patronalek eta sareko langileen sindikatuen ordezkaritzak ere parte har dezaten. Mahai horretan itun eta hitzarmenen negoziazioa eztabaidatzea da helburua, uneotan hitzartutako sarearekin ituna berritzeko garaia den honetan. Azconak nabarmendu duenez, “badakigu PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin taldeen artean izenpetutako programa akordioaren baitan aurreikusitako desakordioetako bat dela, baina desakordio hori gainditzeari ez diogu uko egingo, hitzartutako sareko patronalaren gainean eraginkortasun gehien edukiko duen tresna izan daitekeela uste baitugu”.

    Bestalde, Azconak Aurrekontuen parlamentuko tramitea aipatu du ere eta azpimarratu du deigarria dela UPN aurkeztutako zuzenketetako bat, horren bitartez 70 urtetik gorako funtzionarioek lanari uztea proposatuz. “Harrigarria da, izan ere gai hau pasa den abenduan onartu genuen Zergak Aldatzeko Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen baitzen”.

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko