Itzuli

Lekarotzeko Melitón estudioek erabili zuten eraikinean kabi nabeak egitea udalak foru gobernuari eskatzea proposatu du Baztango Geroa Baik

Eskualdera enpresa berriak erakartzeko konponbide hau burutu ahal izateko Baztango Udalaren babesa behar dela azaldu du koalizioak

    Baztango Geroa Baik mozio bat aurkeztu du datorren udalbatzan eztabaidatu eta bozkatzeko, horren bitartez Baztango Udala premiatuz Industria Departamentura jo dezan eta Lekarotzeko Melitón estudioek erabili zuten eraikinean “kabi nabeak” egitea eskatu diezaion. Zehazki, gomendagarrien iruditu lezaketen neurriko nabeak egokitzea proposatu du Lander Santamaría Geroa Baiko zinegotziak, horrela Baztanen sor daitezkeen ekoizpen ekimenak jaso ahal izateko moduko espazioak lortzeko, bai eta Bailarara etortzeko interesa eduki dezaketen kanpoko beste ekimenentzat ere.

    Zinegotziak bere mozioan gogorarazi duenez, desagertutako Lekarotzeko Ikastetxeko kanpandorreak duen egoera okerra eta arriskutsua dela eta, egungo kanpus enpresarialean ezin da hasiera bateko enpresa mintegiaren proiektua garatu. Era berean, kanpandorre horren eraisketa 2009an egin behar zela ekarri du gogora.

    Bestalde, Baztango Geroa Baik azaldu duenez, espazio berean Melitón Zinema Estudioek erabili zuten eraikina kokatzen da, bertan Industria departamentuak “kabi nabeak” egitea planteatzen duelarik, Agoizko Solano tailer zaharretan jada burutzen ari den konponbidearen antzeko bat alegia, Agoitzen 11 nabe egokitu direlarik.

    Baztango Geroa Baik azaldu du Industria Departamentutik eraikina egokitzeko lanen zati handi bat finantzatzeko konpromisoa hartzeko prest daudela bertan “kabi nabeak egin eta enpresak erakartzeko”, beti ere Baztango Udalaren babesa badute. Horregatik proposatzen dio Geroa Baiko zinegotziak udalari ekimen hau burutu ahal izateko beharrezko tramiteak burutu ditzan.

    Izena eman gure buletina jasotzeko