Itzuli

LGTBI harrotasunaren eguneko ospakizunekin bat egin du Geroa Baik

Koalizioaren aburuz “nahitaezkoa da sexu aniztasunaren aldeko eta sexu orientazio zein genero nortasunagatik pertsonak baztertzea ekiditeko politiketan sakontzea”

    Datorren ekainaren 28an egingo den LGTBI Harrotasunaren Eguneko ospakizunarekin bat egiten du Geroa Baik, pertsona guztientzako eskubide berdintasuna aldarrikatuz, edonoren sexu eta genero nortasuna dena delakoa ere, eta Lesbiana, Gai, Bisexual, Transexual, Transgenero eta Intersexualen eskubideak aldarrikatuko ditu.

    Modu honetan, kolektibo honen eskubideekin bere konpromisoa berresten du koalizioak eta “nahitaezkoa deritzo sexu aniztasunaren aldeko eta sexu edo genero nortasunagatik pertsonak baztertzea ekiditeko politiketan sakontzea”.

    Zentzu honetan, LGTBI+ kolektiboek planteaturiko aldarrikapenen lege aitormenaren alde pasa den legegintzaldian Nafarroan bultzatutako lanaren garrantzia azpimarratu du Geroa Baik, hala nola LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunaren aldeko 8/2017 Foru Legea, arlo honetan Estatuan dagoen aurreratuena; Sexu eta Ugalketa Osasunaren Dekretua, Osasunbidearen zerbitzu kartera handituz; Skolae hezkidetza programa; edo transexualen, transgeneroen eta intersexualen kolektiboarekin osasunaren alorretik lan egiteko Transbide Unitatearen sorrera. “Beharrezkoa da hasitako bide honi jarraitzea, eta zentzu honetan nahitaezkoa da erantzungabe dauden transexualen aldarrikapenei helduko dien estatu mailako lege bat lehenbailehen onartzea”, azpimarratu du.

    Hala ere, koalizioak aitortu duenez, “lege aurrerapen hauek, haien sexualitatea eta nortasuna askatasunez bizitzeko pertsona askok duten benetako zailtasunarekin kontrastatzen dute”. “Zoritxarrez, LGTBIfobiak eraso fisiko eta irainen arrazoi garrantzitsu bat izaten jarraitzen du”, azpimarratu du koalizioak, aldi berean adieraziz “heldu beharreko erronka nagusietako bat LGTBI+ pertsonekiko gorroto eta estigmatizazio diskurtsoak desaktibatzea” izan behar duela.

    Horregatik guztiagatik, Geroa Baik konpromisoa hartu du “pertsona guztien aitorpenaren eta benetako berdintasunaren alde lan egiteko eta edozein bazterkeria mota errotik deuseztatzeko”. “Modu honetan gizarte libre eta parekideago bat eraiki ahalko dugu”, amaitu du adieraziz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko