M-8 dela eta, gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkor baten aldeko bere konpromisoa berresten du Geroa Baik
Pandemiak modu integralean aurre egin beharreko ezberdintasun estrukturalen areagotzea ekarri duela nabarmendu du koalizioak
Martxoaren 8 dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna alegia, gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko bere konpromisorik tinkoena berretsi nahi du Geroa Baik.
Martxoaren 8 hau pandemia latzaren eszenatoki batean ospatzen da, emakumeak bereziki zigortu dituen egoera batean. Hilabete hauetan zehar eman den genero ezberdintasun estrukturalen areagotzea errealitate ukaezina da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak berriki aditzera eman duen estudio batek ondorioztatzen duenez, berria ez den zaintzen krisialdia larritu du konfinamenduak, aspalditik baitator eta zaintza lanen gehiena emakumeen bizkar jarri baitu.
Konfinamenduak, jada aurretiaz zaintzen alorrean existitzen ziren zaurgarritasunak larriagotu ditu, bai eta alor ekonomikoan, osasungintzarenean, egoera administratiboan edo emozionalean zeudenak ere.
Geroa Baik sakontasunez lan egitearen aldeko apustua egiten du, bai eta arazo estruktural honi aurre egiteko proposamen integralak jorratzearen alde ere, pertsona guztientzako bizitza duina lortzea ahalbidetzeko. Horrela, koalizioak beharrezkoa deritzo Zaintzen Foru Hitzarmen bat, pertsona guztien erantzunkidetasunean oinarrituz, eginkizunen banaketa parekide erreal batekin Nafarroako etxeetara benetako berdintasuna ekarriz.
Halaber, emakumezkoen enpleguari eta txirotasunaren feminizazioaren arazoei eta lan sektore jakinei arreta berezia emango dien Enplegu Plan baten alde egiten du Geroa Baik, haren bereizgarri diren jarduera tasa urriari, prekariotasunari, partzialtasunari eta denborazkotasunari helduz ere. Eta telelana lege bidez arautuko duena ere, pandemiaren ondorioz presentzia handia hartu duen jarduera baita hau.
Horregatik guztiagatik, martxoak 8 honetan modu aktiboan parte hartzera animatu du koalizioak, beti ere osasun segurtasuna lehenetsiz, jasaten ari dugun pandemia egoera dela eta. Horregatik, ohiko hitzordu jendetsuetara joateaz gain, beste baliabideak erabiltzera animatu du koalizioak, hots sare sozialak, balkoiak eta abar, jardunaldi hau gizon eta emakumeen arteko eskubide eta aukeren benetako berdintasunaren aldeko aldarrikapena izan dadin.