Itzuli

Makroabeltegiak mugatzea defendatu du Koldo Martínezek Senatuan

Estatuak bere etxebizitza promozioetan egurra erabil dezan eskatu du ere, Nafarroako Gobernuak egiten duen moduan

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Senatuko osoko bilkuran lehen sektorea protagonista izan da gaur, abeltzaintzarekin eta basoarekin zerikusia duten proposamen bana eztabaidatu baitira. Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, Estatuak makroabeltegiak mugatzeko legeak egin ditzan eskatu du, ustiapen hauek jasangarriak eta ingurumenarekiko eta animaliei beraiekiko ere begirunetsuak izan daitezen. Basozaintza sektorea bultzatzeko helburuarekin, Gobernu zentralak bere etxebizitza promozioetan egurra erabil dezan eskatu du, José Mari Aierdi buru duenNafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolakuntza, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen departamentuak egiten ari duen ildo berean alegia.

    “Tamaina handiko ustiapenek ondorio larri eta konponezinak dakartzate abeltzaintza estentsiboaren sektorearentzat eta kokatzen diren eskualdeentzat, ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, bai eta ingurumenaren eta osasungintzaren aldetik ere bere eragina oso handia baita”, azpimarratu du Koldo Martínezek Goi Ganberaren osoko bilkuran egindako hizketaldian.

    Geroa Baiko senatariak Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboaren hitzak ekarri ditu gogora, koronabirusaren krisialdiak gure zaurgarritasuna agerian utzi duela nabarmenduz eta giza jardueraren eta naturaren arteko oreka berrezartzearen garrantzia azpimarratuz. “Ildo honetan agerikoa da makroabeltegiak filosofia honen aurkako ereduak direla, hortaz interes orokorra babestuko duen araudi bat beharrezkoa da, orekatuagoa eta jasangarriagoa den abeltzantza ustiapen ereduaren desagerpena ekiditeko. Legediak ez du zehazten zein abelburu kopurutik gora esan daitekeen ‘makroabeltegi’. Eta zehaztu beharreko zerbait da hori”, ziurtatu du Koldo Martínezek, Itziar Gómez buru duen Landa Garapen eta Ingurumen Departamentutik egiten ari den moduan alegia.

    “Espainiar estatua -gaineratu du Geroa Baiko senatariak- bidegurutze batean dago, ustiapen handien eta makroabeltegien eredu amerikarrari heldu edo eredu europarrari jarraitu, lehenean estatu bakoitzeko esne-abeltegi erraldoi bat edo bi daudelarik, horietan 20.000 abelbururekin; eta bigarrenean, bereziki Frantziako ereduan, 1.000 abere baino gehiagoko ustiapenik ez egoteko akordio taktiko bat dagoelarik.

    Mendia baliabide iturri moduan

    Baso ustiapenei dagokienez, Koldo Martínezek gogorarazi du Nafarroak sektore honek 5.000 lanpostu inguru sortzen dituela, horietako asko landa eremuetara lotuak, eta landa eremuen despopulazioa ekiditen laguntzen duela.

    Zentzu honetan, Koldo Martínezek azpimarratu duenez “administraritzek egurraren erabileran bezero garrantzitsuak izateko gaitasuna dute, bai eta erakunde pribatuek hura erabil dezaten sustatzeko ere, horregatik administraritzak sektorearentzako salbamendu-uztai izan daitezke gauzak benetan ongi egiten baditugu eta produktu honen alde modu iraunkor eta jarraituan egiten badugu”.

    Espainian egurraren erabilera eraikuntzan %2 besterik ez dela gogorarazi du, bien bitartean Erresuma Batuan, iparraldeko herrialdeetan, Alemanian, Kanadan edo Amerikako Estatu Batuetan %40 eta %90 bitarteko kuota duelarik.

    Koldo Martínezek azpimarratu duenez, egurra material berriztagarria, jasangarria, berrerabilgarria eta birziklagarria da, ekonomia zirkularrarekin modu bikainean bat etorriz, eta materiak honen erabilerak eta kudeaketak mendiak egoera onean egotea mesedetzen du. “Eraikuntzan bere erabilera hortaz, jasangarritasunaren eta klima aldaketaren borrokaren helburuak lortzeko funtsezko elementua da”, eta Nafarroako Gobernuak bere etxebizitza parke publikoan egurra erabiltzearen aldeko apustua gogorarazi du, Gobernu zentralak ekimen honi hel diezaion animatuz, alokairuzko 20.000 etxebizitza eraikitzeko bere planaren baitan zehazki.

    Izena eman gure buletina jasotzeko