Itzuli

María Solana: “Geroa Bain amankomuneko ondasun moduan defendatzen dugu euskara eta hizkuntza eskubideen inguruan lortu den guztiaren inguruan ez dugu atzerapauso bakar bat ere onartuko”

    María Solana María Solana

    María Solana Geroa Baiko parlamentariak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan mahastizaintza eta ardogintza sektoreak pairatzen duen egoera konplikatuari erreparatu nahi izan dio. Solanak azpimarratu duenez, 2020 urteaz geroztik egon den soberakinaren gorakadak eragin duen egoera da; ardo beltzaren kontsumoak izan duen beherakadagatik eta ardo zuriaren kontsumoaren gorakadarengatik. Gainera, ardandegiek euren mahastik propioetatik ateratzen dute lehengaia eta nekazari independenteengana geroz eta gutxiago jotzen dute, azaldu duenez.

    Solanak nabarmendu du egoera honen aurrean berdean egindako uzta mesedetzeko funtsak bideratuko dituela Nekazaritza Ministerioak. Horregatik, Geroa Baik galdera egingo dio Gobernuari hurrengo kontrol saioan, laguntza hauek Nafarroan sektoreari ahalik eta lehen iristeko Landa Garapen eta Ingurumen departamentuak zein ekintza burutuko dituen jakiteko.

    Bestalde, nekazariek Nafarroan deitutako protestak aipatu ditu ere Solanak. Nekazarien eskakizunak ulertzen dituztela azpimarratu du, eta “ulertzeaz gain, hein handi batean gure egiten ditugu, hala nola burokrazia bizkortzeko eta ahal den heinean murrizteko eskakizuna edo oso modu murriztailean eragiten dizkieten ingurumen eta animalien babeserako legeen deuseztapena, edo galeren gainetiko salneurriak, edo modulu sistema berreskuratzea”. “Eztabaidatu daitezkeen gaiak dira”, esan du, eta gaineratu duenez “nekazari hauetako askorekin hitz egiten ari gara eta irtenbide bat bilatu beharra dago”. “Sektoreari merezi duen moduan erantzuteko prest gaude, oinarrizkoa eta funtsezkoa den sektorea baita toki guztietan, baina Nafarroan, erabakigarria da ere”, azpimarratu du. Halaber, gogorarazi duenez pasa den ostiralean Lehendakariak eta Aierdi Kontseilariak sektorearekin bilera egin zuten eta beharrezkoak izan daitezkeen gai horiei guztiei heltzeko Nafarroako Gobernuak eta Departamentuak sektorearekin elkarlanean jarraitzeko duen borondatea helarazi zieten.

    Azkenik, azken egunotan egon diren adierazpen euskarafobikoen gorakadari erreparatu dio Geroa Baiko parlamentariak. Zentzu honetan, “onartezinak” direla azpimarratu du Solanak, eta “Geroa Baitik ez dugu atzerapauso bakar ba ere onartuko hizkuntza eskubideen inguruan lortutakoarekin”. Halaber, matrikulazio kanpaina gertu denean, Solanak euskara ereduetan eskolatzera animatu ditu familiak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko