María Solana: “Lehen Arretarako eredu berria eta itxarote-zerrendak murrizteko plan integral bat behar dugu”
María Solana Geroa Baiko parlamentariak Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak ostegun honetako kontrol saiorako aurkeztu dituen ekimenak aipatu ditu. Horrela, “energiaren eta lehengaien kostuaren gorakadaren ondorioz” nekazaritza sektoreak duen egoeraren harira, koalizioak Landa Garapenerako kontseilariari galdera zuzenduko dio, “egoera horren eragin ekonomikoa murrizteko bideratu diren laguntza-ildoak azal ditzan”. Bestalde, Geroa Baik Garapen Ekonomikorako kontseilariari galdetuko dio ere Agoitzen Flamasats enpresaren ezartzeari buruzko balorazioa eman dezan, bai eta Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari ere, “frantziar estatuak mugako igarobideak irekitzea lortzeko” neurrien berri eman dezan.
Arreta berezia jarri du María Solanak osasungintza publikoaren hobetzeari buruz Geroa Baik erregistratu duen interpelazioan, horren bidez herritarren osasun-beharrizanei erantzuna ematea eta osasungintzako profesionalen babeserako neurriak bilatzen baitira. Zentzu honetan, Solanak azpimarratu duenez, Geroa Baik behin baino gehiagotan bere “kezka” agertu du legegintzaldi osoan zehar osasun-sistemaren egoera dela eta. “2020 urteaz geroztik eta behin pandemiaren kolpe handi eta gogorra gainditu ondoren, pasa den legegintzaldian diseinatu zen Lehen Arretarako Estrategia ezarri beharra zegoela argi eta garbi ikusi genuen, baina gaur oraindik ezarri gabe dago. Hori egitea premiazkoa da oraindik”, ziurtatu du.
Geroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “Lehen Arretarako eredu berri bat behar dugu, bai eta antolakuntzan eta kudeaketan aldaketak ere. Antolaketa eredu berri baterantz joan behar dugu, taldelana lan egiteko ohiko formula izan behar duen eredu batera”.
Itxarote-zerrendei dagokienez, Solanak azpimarratu du Geroa Baik “itxarote-zerrendak murrizteko, eskaera maila kudeatzeko eta sistemaren eraginkortasuna hobetzeko plan integral” baten alde egiten duela, beti ere “aldaketa demografiko eta sozialen marko baten baitan eta begirada etorkizunean jarriz”.