Martxoaren 8 dela eta, benetako berdintasuna edozein demokraziaren funtsezko balore moduan aldarrikatu du Geroa Baik
Berdintasun erreala lortzea politika publikoen eta erakunde guztien lehentasuna izan behar duela dio koalizioak
Martxoaren 8 dela eta, Emakumearen Nazioarteko Eguna alegia, “gizarte zuzenago, berdinzaleago eta emakume guztienganako indarkeriatik libreago bat eraikitzeko konpromisoa” berretsi du Geroa Baik.
“Martxoaren 8 honetan, etengabeko desafio eta aurrerapenen testuinguru honetan”, koalizioak gogorarazi du “emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna esparru askotan errealitate izatetik oso urrun” dagoela. “Asko dago lantzeko esparru askotan, hots lan bazterkerian, zaintzetan, soldata arrakalan, indarkeria matxistan edo genero estereotipoen deuseztatzean, besteak beste”; zerrendatu du. Horregatik, Geroa Bairen aburuz “benetako berdintasun eraginkorra lortzea lehentasuna izan behar du politika publikoetan eta erakunde guztien egunerokoan, egiturazko aldaketak bultzatuko dituzten neurrietan aurrera egitea beharrezkoa delarik”.
Azken urteetan zehar Nafarroan aurrerapauso garrantzitsuak lortu ditugu zalantzarik gabe, baina egia da ere desafio garrantzitsuak ditugula aurrean”, azpimarratu du Geroa Baik. Zentzu honetan koalizioak ohartarazi duenez, “inboluzio arriskua bada, eta azken hamarkadetan hainbeste esfortzurekin lortutako eskubide eta aurrerapausoetan atzera egiteko mehatxua dugu”.
Geroa Bairen arabera, “azken urteetan, emakumeen eskubideak, berdintasunaren alorrean lortutako aurrerapausoak edo genero indarkeriaren biktimen babesa bezalakoak zalantzan jartzen dituzten mugimendu politikoen susperraldia kezka handiz dakusagu”. “Fenomeno honek gizarte moduan arriskuan jartzeaz gain, hamarkada ugari atzera eraman gaitzakeen genero berdintasunaren ikusmolde batera daramatza ere belaunaldi berriak”.
Honen aurrean, Geroa Baik iragarri du “gizarte zuzenago baten bila” lanean jarraituko duela, “pertsonen autonomia hobetzen lagunduko duen gizarte baten bila, berdinetik berdinerako harremanak sustatuko dituena eta demokrazian aurrera egitea ahalbidetuko diguna”. “Emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkor eta erreala edozein demokraziaren funtsezko balorea delako”, adierazi du.
Horregatik guztiagatik, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta egingo diren ekitaldi eta manifestaldi ezberdinekin bat egiten du Geroa Baik eta herritar guztiak deitu ditu “martxoaren 8ko ekimenetan modu aktiboan parte hartzera, berdintasunean eraikitako, indarkeria matxistarik gabeko eta edozein bazterkeria motarik gabeko etorkizun baten alde ozen hitz egitera”.