Itzuli

Memoriaren eta bizikidetasunaren arloko politika publikoetan “Estatuan eta Europan erreferente” dela defendatu du Foru Gobernuak

“Biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa” aldarrikatu duen Geroa Bairen interpelazioari erantzun dio

    Ana Ollo Ana Ollo

    Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak adierazi duenez, "dena hobetu daitekeen arren", Nafarroa "erreferente bat da memoriaren eta bizikidetzaren politika publikoen arloan, bai Estatu mailan, bai Europa mailan".

     

    Kontrolerako osoko bilkuran Geroa Baik egindako interpelazio bati erantzunez, Ollok "indarkeria tresna politiko gisa deslegitimatuko duen” politika publikoen aldeko apustua egin du, “biktima guztiekiko memoria batekin, iragan horrekiko kritika eginez eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako gizarte baketsu bat eraikitzeko bermea izango dena".

     

    "Ez dira garai onenak memoria eta bizikidetzarako. Panorama horretan, Nafarroako Gobernuak denbora luze darama beste erkidego batzuk astintzen dituen negazionismo-olatu horretaz ohartarazten, memoriaren legeak indargabetzeak edo genero-politikak zalantzan jartzeak dakarren atzerakada demokratikoarekin, eta aniztasuna bizikidetzatik kudeatzearen aldeko apustua egiten du”, esan du.

     

    Besteak beste, hartutako neurrien artean eskuin muturrak edo funtzionario publikoek Nafarroan eragindako motibazio politikoko ekintzengatik lehen hamabi biktimak aitortu izana aipatu du. “Memoria eta bizikidetza arloko politika publikoek egia ezagutzen eta zabaltzen lagundu behar dute", azpimarratu du, eta "faszismoen aurkako txertorik onena belaunaldi berriei iraganeko akatsak ez errepikatzeko hezkuntza ematea dela" adierazi du, "Memoria duten eskolak", "Bakearen eta bizikidetzaren aldeko eskolak" edo "Eskutik" proiektuari erreferentzia eginez.

     

    Haren ustez, "Voxen eta PPren eskutik eskualde batzuetan ikusten ari den inboluzioaren aurrean, ez da atzerapausorik eman behar memoriaren eta bizikidetzaren arloan. Indar eta konbikzio sendoagoarekin lan egin behar dugu, ahal bada, aurrerapausoak emanez", esan du, "gure bide-orriarekin jarraituko dugu, bakean eta bizikidetzan heziz, sinboloen errolda eguneratuz, edo lehenengo Bizikidetza Planaren ebaluazioarekin".

     

    Gobernuak "epe laburrean garatuko” dituen ekintzen artean, Elkarbizitzarako II. PlanaOroibidea, oroimenerako leku berriak, errolda eguneratzea eta frankismoko ikurrak kentzea, emakumeen errepresioaren inguruko ikerketa berriak egitea, udazken honetarako Mathausenen Nafarroako kolektiboari egingo zaion omenaldia, edo hezkuntzako Memoriaren II. Kongresua aipatu ditu.

     

    Mikel Asiainek (Geroa Bai) adierazi duenez, "kontakizun batek ezin du inoiz beste bat justifikatzeko edo legitimatzeko balio", eta "Estatuko erakundeek, bere indar polizialek edo eskuin muturreko taldeek erabilitako indarkeria" zein "Nafarroan 38 pertsona hil dituen erakunde terrorista" aipatu ditu. “Orrialdea pasatzeak ezin du esan nahi memoria historikoa eta oraintsukoa ahaztu eta alde batera utzi behar direnik", esan du, "biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa merezi dutela" aldarrikatu ostean.

    Izena eman gure buletina jasotzeko