Itzuli

Merezimenduen Dekretu proiektua aintzat hartzea balioetsi du Geroa Baik baina berandu eta osatu gabe iritsi dela deitoratu du ere

Koalizioak azpimarratu duenez, dekretua nahikoa ez dela iritzi arren, eremu mistoko enplegu publikoko deialdi gehienetan gertatzen ari den diskriminazioari amaiera jartzeko balioko du

    Beste gai batzuen artean Eremu Euskaldunean eta Mistoan Administraritzan euskararen balorazioa arautzen duen Merezimenduen Dekretu proiektua Nafarroako Gobernuak aintzat hartzea onartu izana balioetsi du Geroa Baik, hala eskatu baitu koalizioak behin baino gehiagotan. Hala ere, koalizioak deitoratu duenez “berandu eta osatu gabe iristen den dekretua da hau”.

    Geroa Baik Gobernuaren pauso hau balioesten duen arren, zera azpimarratu du; “dekretu proiektu honek ez gaitu zeharo asetzen, gainditu beharra dagoen zonifikazio eredu bat finkatzen baitu”. Hala ere, koalizioak nabarmendu duenez, “gutxienez gaur dekretua onartzen bada eremu mistoko enplegu publikoko deialdi gehienetan euskararen balorazioa egitea ahalbidetuko da, eta bereziki lehiaketa-oposizio bidez eskaintzen diren postuen %90aren kasuan, horiek Nafarroan, ia bere osotasunean, Osasunbideko lanpostuak direlarik”.

    Geroa Bairen arabera, “gaur eman den pauso honek, eremu mistoan zegoen egoera onartezin bat blokeatuko du, bertan de facto euskaldunak zigortzen ari baitziren euskararen ezagutza merezimendu moduan aitortzeko aukerarik gabe utziz”. “Lehiaketa oposizioetan edo merezimenduen balorazioan, beste baldintza eta merezimendu guztiez gain euskara ezagutu eta hitz egiten duten nafarron eskubideak aitortzeko betebeharra du Nafarroako Gobernuak”, azpimarratu du koalizioak.

    Geroa Bairen iritziz gainera, beharrezkoa da Nafarroako herritar euskaldunei arreta emango dien Administraritza baten alde aurrera egiten jarraitzea, horretarako departamentuetako hizkuntza planak onartuz eta plantillan beharrezkoak diren lanpostu elebidunak ezarriz.

    Azkenik, Geroa Baik beste behin defendatu du “euskararen inguruan oinarrizko adostasunekin eta zorroztasunez aurrera egin daitekeen eta hala egin behar dugun legegintzaldiari” ekin zaiola. “XXI mendeko gizartea eleanitza da eta hizkuntza propioek gainbalioa eskaintzen dute mundu global batean”, amaitu du adieraziz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko