Itzuli

Merituen Baloraziorako Dekretuaren inguruan Gobernuak adostasunik ez duela gogorarazi dio Geroa Baik Remírezi

Koalizioak gogorarazi duenez PSNk eremu ez euskaldunean duen jarrerak programa akordioa hausten du

    Geroa Baik  ziurtatu duenez, “ez da egia Merituen Baloraziorako Dekretu berriaren inguruan Foru Gobernuak iritzi bakarra duenik”, eta gogorarazi duenez ere “duela hiru aste jada, koalizioak Gobernuko kideen artean eta modu publikoan ere lehendakariorde lehen eta Lehendakaritza kontseilariari eskatu zion dekretuaren onarpenerako tramiteak lehenbailehen has zitzan, konponbide bat bilatzerako orduan kideen artean desadostasunak baitzeuden, 2019ko urrian euskararen dekretuaren zati bat bertan behera geratu ondoren”.

    Geroa Baik berretsi duenez, “eremu mistoan onartezina den egoera batek eragiten du blokeoa, euskararen ezagutza meritu moduan erabil ezin duten pertsona euskaldunen eskubideak de facto zigortzen ari baitira”. Hori dela eta eskatu du Geroa Baik “dekretua lehenbailehen tramitatzea”.

    Koalizioak defendatu duenez, “lehiaketa oposizioan edo meritu lehiaketan beste baldintza eta meritu guztiak edukitzeaz gain, euskara ezagutu eta hitz egiten dutela frogatzen duten nafarren eskubideak aitortzera beharturik dago Gobernua. Eta gainera, deialdiei segurtasun juridikoa ematera beharturik dago ere”.

    Geroa Baik ziurtatu duenez, PSNk eremu ez euskaldunean duen jarrerak programa akordioa hausten du. “Errealitate soziolinguistikoak eremu ez euskaldunean %2,6 euskal hiztunak direla dio, eta portzentaia hori deialdietan aitortu beharra dago, programa akordioan adostu zen moduan alegia”, azaldu du.

    Halaber, Geroa Baik ez dio uko egiten “euskaldunek lehiaketa oposizioetan eta tokialdaketa deialdietan gainontzekoen baldintza berberetan parte hartzeari: haien meritu guztiak aintzat hartuz”. “Bidezkoa izateaz gain, legezkoa da ere”, ziurtatu du koalizioak. Horrela aitortzen dute 2019ko urriko sententziak berak edo honen inguruan Lehendakaritza Departamentuak Nafarroako Kontseiluari  ondoren eskaturiko txostenak.

    Gainera, Geroa Bairen arabera, “hori ez egitea, euskara beste atzerriko hizkuntzen aurrean diskriminatzea da, Nafarroako Kontseiluak edo pasa den 2020 urteko jarduera txostenean Arartekoak berak ere ohartarazten duten moduan”

    “XXI mende betean hizkuntza propio baten balioa komunikazio tresna moduan zein ondare balio moduan ez defendatzea, kulturaren eta bizikidetzaren alde egiten duen gobernu aurrerakoi baten errealitatearekin kontraesanean dago”, amaitu du adieraziz Geroa Baik.

    Izena eman gure buletina jasotzeko