Itzuli

Munduko edozein tokitan emakumen eskubidei zor zaien errespetua eskatu du Geroa Baik

EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeekin batera izenpeturiko mozio bat defendatuko du koalizioak ostegun honetan, horren bitartez munduko edozein tokitan emakumeen eskubideak errespetatu daitezen eskatuz, Afganistan edo Iran bezalako herrialdeetan eskubide

    Itxaso Soto Itxaso Soto

    Emakume eta neskatoek haien eskubideen urraketa egoerak bizi dituzte munduko toki askotan. Indarkeria hori “isilpean geratzen da, hura eragiten dutenen inpunitatea, estigmatizazio soziala eta biktimen lotsa mesedetzen duen sistema batek babesten baitu”. Horrela jasotzen da ostegun honetan Geroa Baik, EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeen babesarekin, Nafarroako Parlamentuan defendatuko duen mozioan.

    Mozioaren testuan azpimarratzen den moduan, emakumeenganako indarkeria “modu fisikoan, sexualean eta psikologikoan adierazten da”. Aldi berean nabarmentzen denez, “emakumeen eskubideen aitorpenean aurrerapausoak egon diren arren, uneotan ukapen eta ezeztapen olatu bat bizitzen ari gara zenbait herrialdetan”, hala nola Afganistan edo Iran bezalako herrialdeetan, besteak beste.

    Horrela, emakumeek pairatzen dituzten egoera mota hauek gaitzesten dira mozioaren ebazpen proposamenean, aldi berean Estatuko Gobernua premiatuz, Nazio Batuen Erakundeko kide aktibo moduan dituen bere erantzukizunen baitan, “Afganistango gobernu talibana premiatu dezan azalpenak eman ditzan eta bertako emakumeen eskubideen urraketak ikertu ditzan”.

    Halaber, gobernu horrengan eragina izan dezaketen neurriak hartzera premiatzen da ere, NBEko Segurtasun Kontseiluko ebazpen batekin zigorrak ezarriz baina “Afganistango herritarrak kaltetu gabe”. Nazioarteko Zuzenbidea urratzen duten eta Afganistanen gertatzen diren gorputz-zigorrak, tratu txarrak eta torturak eteteko neurriak martxan jartzea eskatzen da ere.

    Ildo berean, Afganistanen “Moralitatearen Legea” ezarri izana gaitzesten da ere, emakumeen eskubideak ezeztatzen baititu. Eta giza eskubideen programentzako babesa eskatzen da ere, bai eta ikerketa akademikoarentzako eta berdintasuna, parekidetasuna eta tolerantzia jorratzen dituzten proiektuentzako, horretarako justizia eraldatzaile bat eta ‘behetik gorakako’ enfokatzea erabiliz eta komunitateei zuzendurik.

    Era berean, epaiketa zuzenak egitea zaintzeko beharra nabarmentzen da, horietan beharrezkoak diren lege baliabideak eskuratzea bermatuz, Irango emakumeek defentsarako haien eskubidea bermaturik eduki dezaten.

    Azkenik, Nazioarteko Komunitatea eta NBEak haien konpromisoa ohiko sareetatik haratago hedatzeko beharra azpimarratzen da ere, Afganistanen giza eskubideen eta abokatutzaren defentsan modu aktiboan konprometiturik dauden manifestari, giza eskubideen defendatzaile, gizarte zibilaren ordezkari eta GKEekin benetako lankidetza eta komunikazio harremanak landuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko