N-121-A errepideko obrek dirauten bitartean ibilgailu astunentzako murrizketa sistema berrezartzea eskatu dio Baztango Geroa Baik Nafarroako Gobernuari
2018an Belateko tuneletan egindako obrek iraun zuten bitartean hartutako neurriek izandako emaitza ona gogorarazi du koalizioak
Lurraldea gurutzatzen duten eta eskualdeko udalerriak helmuga ez dituzten ibilgailu astunentzako, NA-121-A errepidean Iruñetik Endarlatsaraino murrizketa sistema bat berrezartzera Nafarroako Gobernua premiatu dadin eskatu du Baztango Udalean Geroa Bairen udal taldeak, gaur egun bide honetan burutzen ari diren obrek dirauten bitartean.
Halaber, A-15 errepidetik desbideratzera beharturik egongo diren ibilgailuei Nafarroako Gobernuak bidesaria ordain diezaien eskatu du Baztango Geroa Baik. Horretarako, datorren otsailaren 25ean Baztango Udaleko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du.
Geroa Baik gogorarazi duenez, N-121-A errepideko obren 1. fasea hasi da jada, eta hurrengo faseak modu jarraian egiteko asmoa dago, osotara bost, 2+1 bidea Endarlatsaraino osatu arte.
Koalizioak salatu duenez, Baztaneko zein Malerreka, Bortziri eta Xaretako bizilagunek NA-121-A errepidean hobekuntza lan ezberdinak eta araudiari egokitzapenak pairatzen ari dituzte. Eta lan horiek, beharrezkoak izan arren, egunero arrazoi ezberdinengatik ibilbide hau erabiltzen duten erabiltzaileei ondoeza eta eragozpenak eragiten dizkiete.
Baztango Geroa Baik gogorarazi duenez, bide honetan burutu ziren garrantzizko azken lanetan, 2018an Belateko tunelak Europako araudira egokitzeko egin ziren horietan alegia, ibilgailu arin zein astunen joan-etorria errazteko hainbat neurri hartu ziren lanek iraun zuten bitartean. “Orduan egindako kudeaketa eta martxan jarritako murrizketen emaitza ona kontuan hartuz, interesgarria deritzogu trafikoa antolatzeko neurri berberak ezartzea”, ziurtatu du koalizioak.