Itzuli

Nafarroa subjektu politiko dela eta leialtasun identitario ezberdinekiko begirunea aldarrikatu ditu Koldo Martínezek

Nafarroako senatari autonomikoak Canarias Siglo XXI Fundazioak antolatutako udako campusean parte hartu du

Koldo Martínez Koldo Martínez

Nafarroa bere etorkizuna erabakitzeko gaitasun osoa duen subjektu politiko moduan, kanpoko injerentziarik gabe, baldintzagabeko gaitasun eratzailearekin, baina aldi berean anitza eta leialtasun identitario ezberdinekiko begirunetsua izatea dira Foru Komunitatearen ezaugarrietako batzuk, gaur Koldo Martínez Nafarroako senatari autonomikoak horrela zehaztu eta aldarrikatu dituelarik Canarias Siglo XXI Fundazioak antolatutako udako campusean, Las Palmas de Gran Canarian egin den mahainguruaren baitan.

Nafarroako senatari autonomikoak Rosa Dávila Kanarietako Parlamentuko presidenteordearekin elkarbanatu du mahaia, bai eta Andoni Ortuza EAJko presidentearekin eta José Miguel Ruano Kongresuko Kanariar Talde Nazionalistako bozeramaile izandakoa eta egun Kanarietako Parlamentuko letradua denarekin ere.

Bere hizketaldia hasteko Koldo Martínezek gogorarazi du mundua lau herrialde daudela bakarrik NBEan eserlekurik gabe, baina zerga guztiak biltzen dituzte: Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, bai eta Europar Batasunak 27 kide dituela baina 31 Ogasun. “Berezitasun hau lau herrialdeek dituzten eskubide historikoetatik eratorria da”, gogorarazi die Geroa Baiko senatariak Coalición Canariaren fundazio berriaren udako campuseko jardunaldi honetara gerturatutako parte hartzaileei, bertan Kanariar uharteei eragiten dieten etorkizuneko gaiak jorratuko direlarik, baina beste lurraldeetako ikuspegia jorratuko da ere, erronka berrien aurrean nortasun ezberdinek nondik nora joan behar duten azaleratzeko.

Nafarroa subjektu politiko moduan sutsuki defendatu du Koldo Martínezek, “baldintzagabeko gaitasun eratzailearekin bere erregimen politiko propioa askatasunez ezartzeko, eta Estatuarekin paktu berriak buruz buruz negoziatuz, autogobernu maila handiena lortzeko helburuarekin”.

Abertzaletasun zibikoa, esentzialismoen aurrean

Nafarroako senatari autonomikoak “esentzialismoen aurrean, abertzaletasun zibiko, demokratiko, pluralista eta barneratzaile” baten alde egin du”. “Nafarroan ematen diren ideia eta leialtasun instituzional ezberdinekin begirunetsu izan nahi dugu, horiek guztiak gure nortasunaren zati direlako eta lurralde anitz eta plurala eratzen dutelako. Nafarroako herritartasuna da berretsi nahi duguna eta herri hori bera da, Nafar Herria, Geroa Bain deitzen dugun moduan, belaunaldi ezberdinen borrokaren bitartez, mendeetan zehar nortasun bat autogobernu bat mantentzea lortu duena gerraren jauntxoen aurrean, bai eta pandemien, inbasioen eta oztopo mota ororen aurrean, gaur oraindik bere etorkizunaren jabe delarik”.

“Geroa Baitik proiektu amankomun bat sendotu nahi dugu, demokratikoa, kulturala, hizkuntzari dagokiona... bertan denok eroso sentitu gaitezen eta helburu hori lortzeko beharrezkoa da espazio identitario guztietatik ez inposatzeko eta ez galarazteko beharrean ados egotea. ‘Nafarroa, aniztasun lurraldea’ eslogan turistiko bat izan zen. Eta Nafarroa, hain zuzen ere, natura anitza du, Iparraldeko mendi berdeetatik Bardeetako basamorturaino. Hizkuntza aniztasuna du, euskararekin eta gaztelaniarekin. Eta aniztasun identitarioa du ere. Horregatik Geroa Bain ‘Nahierako nortasunak gehi herritartasun unibertsala” dugu lelo moduan, azpimarratu du Koldo Martínezek.

“Nortasunen bizikidetza ongi konpontzen badugu, giza garapen jasangarria eztabaidatzeari denbora gehiago eskaini ahalko diogu; proiektu aurrerakoiagoak edo kontserbadoreagoak eztabaidatzeari, konfrontaziora eta elkarrekin ez eraikitzera garamaten eztabaidagune esentzialisten iskanbilatik isolaturik, hori izan baita beti behar izan duguna eta orain pandemiarekin inoiz baino gehiago, historiako zorrik handiena utziko diogun gazteria batekin, prekariotasun handia duena, aldi baterako eta gaizki ordaindutako lanekin. Eta hori, elkarrekin konpontzen dugu edo herri bezala ondoratu araziko gaitu. Eta herririk gabe ez dago balio duen nortasunik”.

Izena eman gure buletina jasotzeko