Nafarroako Aurrekontuen aurreproiektuaren onarpena baloratu du Geroa Baik
Azpimarratu duenez, azken asteotako negoziazioaren ondoren, koalizioak Nafarroarentzako dituen lehentasun nagusiak jasotzen ditu aurreproiektuak
Geroa Baik modu positiboan baloratu du Nafarroako Gobernuak 2025 urterako aurrekontuen aurreproiektua onartu izana, gastu sabaiaren gorakadarekin gainera, 6.431 milioi eurotan kokatuz, 2024 urtean baino %2,6 gehiago alegia.
Koalizioak nabarmendu duenez, “pauso berri honekin Nafarroak hamargarrenez jarraian edukiko ditu aurrekontuak”. Geroa Bairen arabera, “hamar urte hauetan zehar kontuak prisma aurrerakoi eta plural batetik landu dira eta egonkortasun politiko eta ekonomikoa eskaintzea ahalbidetu dute, Nafarroak dituen erronkei aurre egiteko gako delarik hau”. “Egonkortasun epealdi honetan, Geroa Bai funtsezko eragile eta berme izan da”, azpimarratu du.
Halaber, Geroa Baik azaldu duenez, “azken asteotan Gobernu kideekin negoziazioa egon da aurreproiektu honek koalizioaren lehentasun nagusiak jason zitzan”. Horrela, “aurrekontuek Osasungintzan inbertsioa sendotzen dutela” nabarmendu du, “bai eta industrian ere, eredu jasangarriago baterantz egin beharreko eraldaketaren erronkaren aurrean baitago, landa munduak eta lehen sektoreak dituen erronken antzera”. “Aurreproiektuak Euskarabideatik bultzatuko diren hizkuntza politikak bezalako lehentasunak sendotzen ditu ere, bai eta etxebizitza eskuratzeko politikak ere”, gaineratu du. “Finkotasuna lortzen duten esparruak hauek, Europako funtsen amaierak ekarri duen aurrekontuaren beherakada gertatu arren”, nabarmendu du koalizioak.
Hemendik aurrera, koalizioak azpimarratu du parlamentuko tramitazioa hasiko dela, bertan aurrekontuak onartzeko beharrezkoak diren gehiengoak lortzeko lanean jarraituko duela adieraziz. Horregatik “egonkortasun eta akordioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko” deia egin die “indar aurrerakoiei, azken urteotan egin izan dugun modu berean”.
Era berean, koalizioak ziurtatu du parlamentuko tramite osoan zehar lehentasun zehatzak modu berezian landuko dituela, osasun sistema kasu, eta energia trantsizioaren eredua, hizkuntza politikak, zerbitzu publikoen sendotzea, lurraldearen egituraketa eta tokiko esparrua bezalako gaietan sakonduko duela ere.
Azkenik, Geroa Baik 2025 urterako kontuen negoziazioaren hasieran eskatu zuen moduan, aurrekontu-ahalmena areagotzeko aukerak lantzea balioetsi du koalizioak, hala nola inbertsioen alorrean diru-kutxa soberakinaren zati bat erabiltzea, horretarako autogobernua erabiliz.