Itzuli

Nafarroako Auzitegi Gorenaren Epaiarekin atzerriko hizkuntzen ezagutzak Euskararen ezagutzak baino balio gehiago duela deioratu du Geroa Baik

Koalizioak ziurtatu duenez epaia errespetatzen duen arren, berri txarra da Nafarroako gizartearentzat

    Nafarroako Auzitegi Gorenaren epaiarekin atzerriko edozein hizkuntzaren ezagutzak Nafarroako hizkuntza propio baten ezagutzak, hots euskararena baino balio gehiago duela deitoratu du Geroa Baik. Koalizioak azpimarratu duenez, epai honekin euskara ez da meritu lehiaketan baloratuko, euskara ez dakiena baztertzen dela esaten baitu, baina aldi berean paradoxa sor daiteke ingelera, frantsesa, italiera edo alemaniera bezalako atzerriko hizkuntzen ezagutza baloratzen baita.

    Koalizioak ziurtatu duenez Nafarroako Auzitegi Gorenak emandako epaia errespetatzen du baina ezin da horrekin ados egon, eta Nafarroako gizartearentzat berri txarra dela deritzo. Geroa Bairen aburuz, azken urteetan euskararen inguruan bizi izan diren polemika interesatu edo alderdikoietatik haratago, epai honek Foru Komunitatea pobretu egiten du.

    Geroa Bairen arabera Nafarroako Auzitegi Gorenak legearen interpretazio oso murriztailea egiten du, funtzio publikora sarbidea, administraritzak herritarrari eman beharreko zerbitzuaren gainetik jartzen baitu. Koalizioaren aburuz, Nafarroako bizikidetzari inolako mesederik egiten ez dion epaia da hau, euskara hizkuntza arrotz moduan hartzen baitu eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideak ez baitira kontuan hartzen, beste hizkuntzen kasuan imajinaezina izango litzakeen moduan.

    Koalizioak nabarmendu duenez Nafarroako Auzitegi Gorenak hizkuntza barrera moduan interpretatzen du legea, eskubideen aitorpen moduan egin ordez, eta bere zonifikazioa Euskararen Foru Legeak Administraritzari ezartzen dizkion hizkuntza betebeharren betetzea oztopatzeko tresna moduan interpretatzen du gainera.

    Koalizioak ziurtatu duenez oso deigarria da epaiak 55/2009 Foru Dekretuari inolako aipamenik ez egitea, bertan jada ezarri baitzen euskara meritu moduan baloratuko zela euskara nahitaezko baldintza ez zuten lanpostuetarako baremo guztietan, eta azpimarratu du ez dagoela argi eremu mistoan, ez euskaldunean eta zerbitzu zentraletan euskara baloratzeko artikuluak bertan behera uztearen eragina nolakoa izango den, hau da, euskara eremu mistoan ezin baloratzea ote dakarren epaiak.

    Geroa Baik ziurtatu duenez hori Euskararen Foru Legearen 17.b artikuluaren aurkakoa izango litzateke, bertan ezartzen baita eremu mistoan administraritzak euskararen ezagutza meritu moduan baloratzeko aukera izango duela euskara nahitaezko baldintza moduan ez duten plazetara sartzeko deialdietan.

    Aukera berdintasunari begirunez eta lurralde osoan ofiziala ez izan arren, euskara lurralde osoan hizkuntza propioa dela aldarrikatzeko beharraren inguruan formakuntza politikoek hausnarketa egitea espero du koalizioak, honen aburuz euskara Nafarroako hizkuntza propioa denik kolokan jartzen baitu epaiak.

    Azkenik, Geroa Baik Nafarroako Gobernuari eskatu dio epai honen aurrean kasazio helegitea jar dezan Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin, bizi diren eremua dena delakoa ere.

    Izena eman gure buletina jasotzeko