Nafarroako Auzitegiak emandako epaiari helegiterik egingo ez diola iragarri du Alfonso Etxeberriak
Zinegotzi moduan bere dimisioa aurkeztuko du, beti egin izan duen modu berean Eguesibarreko bizilagunen interes orokorraren defentsan lanean jarraituko duen arren
Alfonso Etxeberria Eguesibarreko alkate ohi eta Geroa Baiko zinegotziak ez dio helegiterik egingo Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak emandako epaiari. Etxeberriak gogorarazi duenez, epaitegietan azaldu zuen bezalaxe, inoiz ez zuen pertsonen intimotasun eskubidea urratzeko asmorik izan, Udalaren eta Eguesibarreko bizilagunen interesen defentsan lan egitekoa baizik, horregatik alkate ohiak helegitea aurkezteko bere eskubideari uko egin dio.
Geroa Bai Etxeberriaren alboan egon da erabaki honetan, bai eta kasuaren hasieratik emandako pauso guztietan ere, eta gogorarazi nahi du kasu honetan egindako akatsaz haratago, Etxeberriak Eguesibarreko Udalaren eta bere sozietateen buruan jardundako kudeaketa oso positiboa izan dela.
Koalizioak gogorarazi duenez, Eguesibarren burutzen ari zen kudeaketa politiko okerraren aurrean, Etxeberriak alkatetza bere gain hartu behar izan zuen, Kontuen Ganberak berak bere kudeaketa zuzena izan zela esateaz gain, agintaldia amaitzean Udala egoera ekonomiko oparoan utzi zuelarik ere, diru-kutxa soberakina 6 milioi euro positibokoa izanik.
Kudeaketa ekonomikoaz gain, Geroa Baik nabarmendu duenez, Etxeberriaren agintaldian zehar Tokiko Garapen eta Enplegu alorrak modu nabarian bultzatu ziren, bai eta Berdintasun edo Gizarte Ongizatearen alorrak ere, besteak beste, bai eta funtsezko azpiegiturak ere, hala nola Uriz Pi Ahizpak Ikastetxea, Sarriguren BHI edo Malkaitz Haur Eskola. Bailaran LED bidezko argiztapen publikoaren garapena gogorarazi du ere koalizioak –Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak Europako proiekturik hoberen bezala aitortua–, edo zuntz optikoaren hedapena.
Era berean, eta Eguesibar Udal konposatua dela kontuan izanik, 11 kontzejuk eta herri gune ezberdinek osatua, Geroa Baik nabarmendu nahi du Etxeberriak bere agintaldian zehar kontzejuen partaidetza bultzatu zuela, hauek eguneroko jardueran eta aurrekontuetan parte har zezaten, herritarren zerbitzu eta dotazioen hobekuntzan eragin nabarmena izan duten komunikazio kanalak ezarriz.
Epaia onartua beraz, Alfonso Etxeberriak ziurtatu duenez ez du bere exekuziora itxarongo, eta gaur bertan aurkeztuko du bere dimisioa Eguesibarreko Udalean Geroa Baiko zinegotzi moduan: “Baina orain beste modu batean jarraituko dut lanean herriaren alde: Eguesibarren eta bere pertsonen alde”, azpimarratu du.
Zentzu honetan, Geroa Baik nabarmendu nahi du Etxeberriaren erabakiarekin politika jarduteko beste modu bat agerian geratzen dela, Udal honetan bertan iraganean ezagutu dugunaren oso ezberdina; gure kidea ondratzen duen erabakia, Eguesibarren eta Nafarroan koalizioaren jarduera politikoa burutzeko lagun izango dugularik.
Bere aldetik, Eguesibarreko alkate ohiak Auzitegiko aretoan bertan jada adierazi zuen modu berean ziurtatu duenez, “prozesu honen baitan pertsonaren batek nabaritu izan badu bere intimotasuna urratu dela, barkamenak eskatzen dizkiot, nire asmoa ez baitzen inoiz izan inoren intimotasuna urratzea, nire udalerriko eta bere bizilagunen interes orokorraren alde lan egitea baizik”.
Modu honetan, Etxeberriak Eguesibarreko herritarrei helarazi nahi die “Eguesibarren alde lanean” jarraituko duela, “orain arte egin izan dudan moduan, lanari buru-belarri ekinez, zinegotzi moduan zein Alkatetzaren buru eman ditudan urte hauetan zehar egin izan dudan moduan”. “Hortaz, hemendik aurrera eta datozen urteetan, nire partaidetza politikoa koalizioaren organoen bitartez eta Geroa Baiko kideen bitartez burutuko dut”, amaitu du adieraziz.