Nafarroako Gobernuak Elizondon Baztanberriko zubia eraikitzeko tramiteak hasi izana balioetsi du Geroa Baik
Nafarroako Gobernuak Elizondon Baztanberriko zubia eraikitzeko tramiteak hasi izana balioetsi du Baztango Geroa Baik. Zehazki, 100.000 euroko eraikuntza proiektua lizitatu du Lurralde Kohesiorako departamentuak. Modu honetan, Elizondoko ingurabidearen proiektuaren bigarren faseari ekingo zaio, ingurabide hori N-121-B errepide zaharrarekin lotuz.
Foru Exekutiboak bailararentzako gako den azpiegitura honi ekiteak duen garrantzia nabarmendu du Baztango Geroa Baik, eta azpimarratu duenez “Baztango Geroa Bairen udal taldeak, parlamentu taldearekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera emandako bultzada erabakigarriari esker izan da posible”.
Koalizioak bere poza agertu du “Nafarroako Gobernuak modu honetan Elizondoko herriaren eskari bati erantzun argia ematen diolako, bailarako bizilagunen onurarako izango den azpiegitura batekin”. “Irurita-Elizondo ingurabidea lotzen duen errepideari jarraipena ematea beharrezkoa zen, 2012an burututako ekintza baitzen eta ordutik hona bukatu gabe baitzegoen”. “Zalantzarik gabe, premiazkoa zen proiektuaren bigarren fase honi ekitea”, ziurtatu dute koaliziotik.