Itzuli

Nafarroako Kutxak galerak zituen Tenaria enpresaren akzioak erosteko operazioaren inguruan informazio gehiago eskatuko du Geroa Baik

Koldo Martínez Koldo Martínez

Geroa Baik informazio gehiago eskatuko die CaixaBank eta Nafarroako Kutxa Fundazioari, CAN Korporazioak Tenaria enpresaren (Retena eta Reterioja enpresen fusioa) akzioak erosteko egindako operazioaren inguruan, La Información S.A. enpresarenak zirenak hain zuzen ere (Diario de Navarraren jatorriko enpresa), koalizioak ez baitu inolako akta ez informaziorik aurkitu.  

Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak Nafarroako Kutxaren desagerpenaren gaineko Ikerketa Batzordean azaldu duenez, “bere kide eskasen artean galera nahiko etengabeak sortzen dituen enpresa da Tenaria, kide horien artean nagusienak CAN Korporazioa, Sodena, Auna, Empruni edo La Información S.A. direlarik”. Martínezek zehaztu duenez, Sodenak berak 7,6 milioi euroko galerak aitortu zituen Tenerian zuen bere partaidetzan, enpresaren %15,5 zegokiona alegia”. 

Martínezek ziurtatu duenez, “Tenariako 17 kideetatik, guztiek bi ezik (Empruni S.A. eta Usaya S.L.), Tenariaren akzioak Aunaren akzioekin trukatzeko operazio bat onartu zuten, azken enpresa honek eskainita. Operazio honetan, kide bakoitzak Tenarian zituen akzioen proportzioan jaso zituen Aunaren akzioak”.

2004ko apirilaren 21ean, CAN Korporazioak 4.201.041 akzio zituen Tenarian eta uztailaren 28an, 4.836.049 akzio, zehatz mehatz apirilaren 21an zituenak baino 635.008 akzio gehiago. “Tenarian 635.008 akzio zituen kide bakarra La Información S.A. zen”, azpimarratu du Martínezek, Miguel Sanzi galdetuz ea gogoratzen ote zuen “zein prezio ordaindu zuen CAN Korporazioak akzio horiengatik, zer nola egin zuen, eta nola kontabilizatu zen”, izan ere, eta azaldu duenez, “ezin izan dugu informazio hori urte hartako CAN Korporazioaren kontuetan aurkitu”.

Horregatik guztiagatik, Geroa Baiko parlamentuko eledunak iragarri du koalizioak erosketa horren kontularitza erreferentziari buruzko informazioa eskatuko duela, bai eta nori erosi zitzaizkion akzioak, operazio horren prezioa, zer nola ordaindu zen, eta operazioa zein notariotan burutu zen ezagutzeko informazio guztia.

Izena eman gure buletina jasotzeko