Itzuli

Nafarroako Parlamentuak Aspace-Nafarroaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du

Unai Hualdek azpimarratu egin du Aspacek eta nafar gizarteak 50 urtean izandako lotura eta elkarri emandako sostengua ikusarazten dituen efemeride baten garrantzia

    Unai Hualde Unai Hualde

    Parlamentuak Aspace-Nafarroaren berrogeita hamargarren urteurrenaren kariaz garun-paralisiaren alorreko zainketan "prestigio eta erreferentziazkoa" den erakunde horrekin batera gaurko antolatu duen ekitaldi instituzionalean, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek azpimarratu du "Aspacek eta nafar gizarteak 50 urtean izandako lotura eta elkarri emandako sostengua ikusgai egite aldera tankeraturiko efemeride baten garrantzia".

     

    Lehendakariak horrela azaldu du Etxabakoizko lokal batean jaiotakoa den elkarte horren zeregina, zeinak "bapo irabazi" baitu herritarren eta ordezkaritza-erakundeen atxikimendua. "Ezinbestekoa zaigu zorionak ematea aitzindari izandako haiei, bai eta, garuneko paralisia eta kideko desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak defendatuz eta haien parte-hartze aktiboa erraztuz, haien bizi-kalitatea hobetzen lagundu duten guztiei ere. Beste modu bat da hori, garapen sozialaren aldeko elkarlana egitekoa. Hain berezia den egun honetan, eskerrak ematen dizkizuegu egiten duzuen lanarengatik, eta familien egunerokotasuna ere errazteagatik".

     

    Horrela, "elkarte-ehunduraren sendotasun"aren erakusgarri gisa Aspace-Nafarroaren ibilbideari antzematen zaion babes soziala nabarmendu ondoren, Unai Hualdek oroimenera ekarri du joan den uztailean Zizur Txikiko Ramón y Cajal zentrora eginiko bisita, zeinean bi hitz "bereziki atxikiak" geratu baitzitzaizkion oharmenean, bere ustez entitatearen "filosofia, eguneroko jarduna" laburbiltzen dutenak: autodeterminazioa eta gizarteratzea. Aisialdi gizarteratzailearen eta kirol egokituaren aldeko apustua, kirolari eta domina olinpikoak eta guzti, uztartu egiten da aholkularitza- eta boluntariotza-programen bitartezko kontzientziazio-lan mardul batekin. Hori guztia, denboran zehar mantendua eta, gaur den egunean, pandemia-aldiko zailtasun erantsiez ahaztu gabe".

     

    Gibel-solas modura, eta Aspace-Nafarroaren zeregina "letra larriz eskertu" ondoren, lehendakariak berretsi egin du Nafarroako Parlamentuaren jarrera, "elkarlanean jarraitzearen" aldekoa; are gehiago, atzo Parlamentuan izandako saioan eginiko deiaren ondoren, elkartearen 50. urteurrenarekin batera suertatu den "egoera sanitario, ekonomiko eta sozial delikatua" dela-eta. "Aspace hazi egin da, eta horrekin batera nafar gizartea eta erakundeak ere bai, elkar hartuta.  Erronka kolektibo bat daukagu aurrez aurre, pertsona ororen autodeterminazioa eta gizarteratzea gaur egungo egoeran ere errealitate egitekoa. Guztion artean eginen dugu".

    Izena eman gure buletina jasotzeko